Euskarazko hiru film proiektatuko dituzte Iruñean, urteko lehen hiruhilekoan

Euskarazko hiru film proiektatuko dituzte Iruñean, urteko lehen hiruhilekoan Fermin Muguruzaren 'Bidasoa 2018 – 2023' dokumentala emango dute gaur. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskarazko-hiru-film-proiektatuko-dituzte-irunean-urteko-lehen-hiruhilekoan/@@download/image/BIDASOA_slid-1-1140x541.jpg
2024/01/18
Fermin Muguruzaren 'Bidasoa 2018 – 2023' dokumentala emango dute gaur.
Euskarazko hiru film proiektatuko dituzte Iruñean, urteko lehen hiruhilekoan

Euskarazko hiru proiekzio, bi dokumental eta film luze bat, ikusi ahal izango dira urteko lehen hiruhilekoan, Iruñeko Kondestable Civivoxean. Hilean saio bat egiteko asmoa dute, eta gaur, 19:30ean, izango da lehenengo hitzordua. Fermin Muguruzaren Bidasoa 2018 – 2023 dokumentala erakutsiko dute. 

Bidasoa 2018 – 2023 dokumentalak migrazioaren gaia jorratzen du. 2018ko udan, Frantziak Bidasoako Piriniotako muga naturalaren pasagune batzuen kontrola eta itxierak ezarri zituen Europako gainontzeko herrialdeetara etorkinen sarrera eragozteko. 2021eko apiriletik, zazpi pertsona hil dira Irun eta Hendaia arteko Bidasoa ibaiko uretan itota, eta beste hiruk tren batek harrapatuta galdu zuten bizia 2021eko urrian, Ziburun.

Harrera Sarea eta Bidasoa elkarteetako ordezkarien ahotsa jasotzeaz gain, bizia galdu dutenak ere gogoan ditu ikus-entzunezkoak, eta hildako kopuru hotzen atzean dauden istorio eta pertsonak ezagutaraziko ditu. 

Gari Garaialde Irungo Harrera Sareko kide eta argazkilariak aurkeztuko du dokumentala. Euskaraz proiektatuko da, gaztelaniazko azpitituluekin.

Euskal emakume zinemagileei buruzko dokumentala
Bertha Gaztelumendik eta Rosa Zufiak zuzendutako Arnasa betean dokumentalaren proiekzioa antolatu dute otsailaren 7rako, 19:30ean. Atzoko eta gaurko euskal emakume zinemagileak ditu protagonista. Hiru emakume urpekarik, itsaspeko bidaia batean, emakumeek zuzendutako filmetan zehar gidatuko dute ikus-entzulea, eta haietan jorratutako gaiak, pertsonaiak, begirada, ametsak, aurrera ateratzeko ahaleginak eta, batez ere, zinemari eta gizarteari egiten dioten ekarpena erakutsiko dituzte. Bi zuzendariek parte hartuko dute dokumentalaren aurkezpenean.

Iruñeko frankismo-garaiari begirada bat
Martxoaren 12an, Mirentxu Purroy zinemagile iruindarraren Denboraren gibelean film luzearen proiekzioa izango da. Iruñeko frankismo garaiara egindako atzerabegirakoa da. Ikerri eskola-garaiko irudiak eta oroitzapenak pilatzen zaizkio eta bere haurtzaroko hainbat lagun erreskatatuko ditu Klararen, pentsaera askeko andereño ausartaren, bueltan. Gerran garaitutakoen seme-alaba mordoxka baten bidearen zati bat alaitasunez, musikaz eta askatasunez bete zuen andereñoak.