Euskarazko hiru dokumental proiektatuko dituzte Iruñean
Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak antolatuta, euskarazko hiru ikus-entzunezkoren emanaldiak egingo dira, otsailean eta martxoan, Kondestable Civivoxeko ekitaldi-aretoan, 19:30ean.
Gaur, asteartea, Marina Lameiroren Dardara dokumentala emango dute. Zuzendari iruindarraren filma Berri Txarrak musika-taldearen agur-biran grabatu zen. Dokumentalak zaleen bizipenak, birako momentuak eta Gorka Urbizuren gogoetak ditu ardatz.
Gorka Urbizuk aurkeztuko du dokumentala eta solasaldia ere egingo du bertaratzen direnekin.
Martxoaren 15ean, Juan San Martin eta Ritxi Lizarzaren Ainarak dokumentala proiektatuko da. Dokumental horrek, Anne Etchegoyen protagonistaren eskutik, enara horiek nor ziren ezagutzeko aukera ematen du. Zaraitzu, Erronkari, Anso eta Echo ibarretako milaka emakumek beren familiak atzean utzi eta Pirinioak oinez zeharkatzen zituzten Maulera (Zuberoa) heldu arte, eta bertan alpargata fabriketan lan egiten zuten diru pixka bat irabazteko. Bideari urriaren 7an ekiten zioten eta ez ziren itzultzen udaberriko elurrak amaitu arte. Urtaroko bidaiaren ezaugarriek eta denak beltzez jantzita joateak ‘Enarak/Ainarak’ izenez ezagunak izatea eragin zuen. Dokumentalaren emanaldiaren ondoren, Anne Etchegoienek kontzertu motz bat eta hitzaldia eskainiko ditu.

Amagoia Gurrutxagaren Loreak belaunetan, kulturaren zazpi ahots gazte ikusi ahal izango da martxoaren 28an. Filmeko zazpi gazte protagonistek euren testigantza ematen dute; beren ametsak, lorpenak eta frustrazioak kontatzen dituzte, eta kultur panoramari eta etorkizunean izango dituzten erronkei buruzko ikuspegia ematen dute. Amagoia Gurrutxaga zuzendariak sortzaile hauek elkarrizketatu ditu: Oihana Arana poeta eta bertsolaria; Amets Aranguren musikaria; Kattalin Barcena artista plastikoa eta musikaria; Dom Campistron ilustratzailea; Ekain Ibarguren aktorea, pailazoa eta malabarista; Iker Maguregi zinemagilea eta musikaria; eta Maddi Ane Txoperena kazetaria, idazlea eta bertsolaria. Kondestableko proiekzioan Amagoia Gurrutxaga, Amets Aranguren eta Maddi Ane Txoperenak hartuko dute parte, dokumentala aurkeztu eta bertaratzen direnekin solasaldia izateko.


