Euskarazko filmak merkeago ikusteko aukera

Euskarazko filmak merkeago ikusteko aukera Maiatzaren 23tik aurrera, 'Zinema Euskaraz'en katalogoan dauden filmak proiektatuko dira igande goizetan. Helburua eskaintza osatzea eta ikusle berriak lortzea da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskarazko-filmak-merkeago-ikusteko-aukera/@@download/image/zinemazale berriak.jpg
2021/05/20

Maitane Legarreta Etxezarreta

Maiatzaren 23tik aurrera, 'Zinema Euskaraz'en katalogoan dauden filmak proiektatuko dira igande goizetan. Helburua eskaintza osatzea eta ikusle berriak lortzea da.
Euskarazko filmak merkeago ikusteko aukera

EZAE Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteak Zinemazale berriak izeneko programa antolatu du, eskaintza osatu eta ikusle berriak bereganatzeko asmoz. Maiatzaren 23tik azaroaren 14ra bitarte, hamabi film proiektatuko dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hemezortzi zinema aretotan. Estreinaldiak euskaratzea bultzatzen duen Zinema Euskaraz programaren barruko hamabi film eskainiko dituzte maiatzeko, ekaineko, urriko eta azaroko igande goizetan. Gainera, sarreren prezioa 2,90 eurokoa izango da.

Ekimen honen sustatzaileek adierazi dutenez, "2020.urtea gogorra izan da" eta "konpentsatzeko" sortu dute egitasmoa. Iaz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zinema aretoek 10 milioi euroko galerak izan zituzten, 2019ko datuekin alderatuta, ikusleen kopurua %65 baino gehiago murriztu baitzen.

Guztira 18 aretok parte hartuko dute programa honetan: bederatzi Gipuzkoan -Principe, Antiguo Berri, Bastero, Villabona, Areria, Zumarraga, Beasain, Zarautz eta Niessen-; zazpi Bizkaian -Multicines Bilbao, Golem, Getxo, Durango, Bermeo, Mungia, Muskiz-; eta bi Araban -Gorbeia eta Florida-. Eskainiko dituzten pelikulen artean Paddington 2, Printze Txikia, Tom eta Jerry, eta Pokemon Picachu Detektibea daude. Emanaldien egutegia hemen kontsulta daiteke.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza izan du Zinemazale berriak programak.