Euskarazko egile berrien sorkuntza sustatzeko, hiru tailer egingo dituzte Iruñean

Euskarazko egile berrien sorkuntza sustatzeko, hiru tailer egingo dituzte Iruñean Nerea Loiola, Patxi Zubizarreta eta Aritz Gorrotxategi izango dira saioen gidari. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskarazko-egile-berrien-sorkuntza-sustatzeko-hiru-tailer-egingo-dituzte-irunean/@@download/image/Nerea_Loiola._Idazlea.jpg
2023/10/05

Argazkia (Aritz Gorrotxategi) : 111 aldizkaria

Nerea Loiola, Patxi Zubizarreta eta Aritz Gorrotxategi izango dira saioen gidari.
Euskarazko egile berrien sorkuntza sustatzeko, hiru tailer egingo dituzte Iruñean

Iruñeko Udalak hamasei urtetik gorako idazleen euskarazko literatur sorkuntza bultzatu nahi du, eta, horretarako, esperientziak trukatzeko topagune bat sortzea da asmoa, Hitzen Mintegia izenburupean. Hiru literatur lantegi egingo dituzte: urriaren 28an, eta azaroaren 11n eta 25ean, Kondestable Civivoxean, goizeko 10:00etatik 13:30era. 

Literatur testuak lantzeko baliabideak, irakurketatik abiatutako idazketa, eta poesia eta sormena jorratuko dituzte saioetan, Nerea Loiola, Patxi Zubizarreta eta Aritz Gorrotxategi idazleekin. 

Lehenengo lantegia, 'Literatur testuak lantzeko baliabideak' izenekoa, urriaren 28an izango da, eta testuak egiteko eta hobetzeko hainbat teknika landuko dira bertan. Nerea Loiola idazlea arduratuko da saioa gidatzeaz. 

Bigarren lantegia, 'Idazketa irakurketatik abiatuta' izenekoa, azaroaren 11n izango da, eta testu iradokitzaile eta inspiratzaileak aztertuko dira. Patxi Zubizarreta filologo eta itzultzaileak gidatuko du lantegia. 

'Poesia eta sormena lantzen' lantegiak itxiko du zikloa, azaroaren 25ean. Aritz Gorrotxategi idazlea izango da gidari eta poesia gertutik ezagutzea eta forma artistiko horri beldurra galtzeko gakoak lantzea izango da asmoa. 

Saioak doakoak eta independenteak izango dira eta bakoitzean hamabost lagunentzako lekua izango da gehienez. Beraz, interesa dutenek saio batera, bitara edo hiruetara joateko eman dezakete izena. Izena emateko 948 420 100 telefonora deitu behar da, bihartik aurrera.