Euskarazko audioliburuak EITBPodkast atarian

Euskarazko audioliburuak EITBPodkast atarian Eider Rodriguezen 'Bihotz handiegia', Uxue Alberdiren 'Jenisjoplin', Lander eta Zigor Garrok itzulitako 'Larrua hotz' eta hainbat egileren artean egindako 'Lo potolo' daude entzungai. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskarazko-audioliburuak-eitbpodkast-atarian/@@download/image/audiobook.jpg
2021/09/24

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Eider Rodriguezen 'Bihotz handiegia', Uxue Alberdiren 'Jenisjoplin', Lander eta Zigor Garrok itzulitako 'Larrua hotz' eta hainbat egileren artean egindako 'Lo potolo' daude entzungai.
Euskarazko audioliburuak EITBPodkast atarian

EITB-k euskarazko liburuen audioak zintzilikatu ditu egunotan EITBPodkast atarian, aisia-fikzioaren atalean. Genero ezberdinetako lau audioliburu jarri dituzte erabiltzaileen eskura: zientzia fikzioa, thrillerra edota narrazio bilduma. EITB-ak adierazi duenez, "literatura belarrietatik kontsumitzea gora eta gora ari den tendentzia da Europa mailan. Euskarak zuen gabeziaz jabetuta, proba egin nahi izan dugu eta gustu guztietarako literatura entzungarria ekoitzi dugu".

Igotako lau audioliburuen artean dago 2018an Euskadi Literatur Saria irabazitako Eider Rodriguezen Bihotz handiegia. Irratiko sei esatarik jarri diote ahotsa ipuin bakoitzari: Arantxa Iturbe, Nekane Peñagarikano, Nagore Telleria, Arantxa Irastorza, Ainhoa Urretabizkaia eta Ainhoa Vitoria. 

Uxue Alberdi egileak berak egin du Jenisjoplin liburuaren audioa. "Eleberri ezagunean jarritako hitz bakoitzaren arrazoia berak beste inork baino hobeto dakiela eta",  begi onez ikusi zuten hala izatea proiektuaren sustatzaile diren On Time ekoiztetxeak eta EITBLabek. Alberdiren liburuak irakurleek hautatzen duten 111 Akademiaren saria jaso zuen 2017an. 

Lander eta Zigor Garrok itzulitako Larrua hotz liburua ere entzungai dago atarian. Iñaki Beraetxek egin du Albert Sanchez Piñol katalanaren La Pell Freda obraren ahots bidezko irakurketa.

Azkenik, Lo potolo liburuko gauerako ipuin laburrak bildu dituzte audioan. Uxue Alberdi, Leire Bilbao, Harkaitz Cano, Juan Kruz Igerabide, Anjel Lertxundi, Miren Agur Meabe, Mitxel Murua eta Patxi Zubizarretak idatzitako ipuinak jasotzen ditu bildumak. 

Azaroaren 25ean, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Anjel Lertxundiren Zoaz infernura laztana argitaratuko dute, Ainhoa Aierberen ahotsean. 

Gaztetxoentzako audioliburuak
Go!azen telesailak lau liburu ditu eta denak audioliburu bilakatu dituzte. Aktoreek eurek jarri diote ahotsa, gainera: Lorea Intxaustik, June telesailean, Iritsi gara egin du; Esti Lopezek Eiderren egunerokoa; Danae Riañok Maddiren amona influencerra; eta Asier Burgetek, Markelek, Asteburu bat eskiatzenAzaroan zintzilikatuko dituzte audioak.