Euskarazko aisialdirako zazpi jarduera proposatu ditu Darabilbok azarorako
Doako hainbat aisialdi-jarduera antolatu dituzte euskaraz azaroan, Darabilbo programaren bidez, bilbotarren artean euskararen erabilera sustatu eta normalizatzeko guneak sortzeko.
Jarduerak gaur hasiko dira, tupper sex tailer batekin, Dolaretxe auzoan. Hurrengo hitzordua hilaren 10ean izango da, Miribillan, eta Berbagunearen ekintzarekin lotutako tailer bat egingo dute.
Kirola eta natura ere uztartuko dituzte hilaren 13an, Urkiolan egingo duten orientazio-jarduera batean. Gainera, 16 eta 25 urte artekoei zuzendutako txirrindu ibilaldia, eta konponketa errazen tailerra ere izango da egun berean.
Arte Ederren museoa ere bisitatuko dute hilaren 24an, goizez eta arratsaldez. Biharamunean, berriz, kakorratz tailerra egingo dute Iralako udaltegian.
Jardueretan parte hartzeko aldez aurretik eman behar da izena darabilbo.eus web-orrialdean, darabilbao@gmail.com helbide elektronikoan edo 607 530 132 telefono-zenbakian.


