Euskaraz, che!

Euskaraz, che! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskaraz-che/@@download/image/201114799che_za_1361552241.jpg
2011/01/07
elkarrizketa
Raul Perez
20 urte bete dira Argentinako Macachin hirian lehen barnetegia antolatu zutenetik, euskara irakasleak hezteko.

Teresa Zabaleta, Rosana Entiene, Gabriela Mendia, Marigen Mugika, Juan Abasolo… Argentinan jaioak, Euskal Herritik milaka kilometrora. Hala ere, euren aitona-amonen eta birraitonen ama hizkuntza ikasteko jakinminak jota eta euskal etxeetan euskara gainbeheran zetorrela ikusirik, Jaurlaritzari barnetegia antolatzeko proposatu zioten, zaildu ondoren eskolak egin ahal izateko. HABEk eta FEVAk –Argentinako Euskal Erakundeak– 1990ean Macachinen antolatutako lehen barnetegian 17 ikaslek eta bi irakaslek parte hartu zuten. Euren aletxoa jarri dute edo jartzen ari dira, euskararen bihotzak taup-taup egiten jarrai dezan Che Guevararen sorterrian. Beste hainbatek segida eman diote lan horri urte hauetan guztietan. 2010eko datuak horren erakusle dira: trebatutako 75 irakasletik gora eta 800 ikasle heldu.

S.A. musika taldearekin kateatuta

Gabriel Arce Moronen jaio zen duela 29 urte eta Buenos Airesen bizi izan da betidanik. Hizkuntzak atsegin ditu txikitatik eta Soziedak Alkoholikaren abesti batekin –Pauso bat–, euskararekin kateatuta geratu zen. “Hori, eta euskal sustraiak; aitaren aldeko aitona-amonak Euskal Herritik Argentinara etorri zirelako”.

Gabrielek duela bost urte ekin zion euskara eskolak emateari Argentinako euskal etxeetan. 2008an, Euskal Herrira etortzeko parada izan zuen eta Lazkaoko barnetegian egon zen. “Euskal Herriko bizimodua ezagutu nuen eta euskara kalean, irratian edota telebistan entzuten nuenez, ba ene euskara hobetu nuen”, azaldu du Arcek. HABEren hirugarren maila gaindituta bueltatu zen Argentinara. Mapak egitea du ogibide, baina euskara irakasten jarraitzen du. Joan den urtean Txilen izan zen Euskara Munduan programaren karietara, eta Internet bidez ere eskolak ematen ditu. “Hasieran, jendaurrean egonik, euskaraz egiteak urduritzen ninduen, baina behin konfiantza hartuta eta dakidan guztia mahai gainean jarrita, oso eroso sentitzen naiz eskolak ematen”, dio.

“Euskara ikasleei adiskide euskaldunak egitea aholkatzen diet”



Necochean jaio zen Maite Bilbao duela 33 urte. Dantza egiten izan zuen lehen hartu emana bertako euskal etxearekin. Egun euskara eskolak ematen ditu Hernaniko AEK euskaltegian. Honatx, bere bidea. Argentinatik Euskal Herrira. Jaioterrian hainbat gaztek euskaraz ikasteko "kristoren gogoa" dutela dio.

Zerk hurbildu zintuen euskarara?
Birraitona-amonak Gipuzkoan jaioak ziren. Ni txiki-txikitatik euskal etxera joaten nintzen. Dantza taldean hasi eta zortzi bat urterekin ekin nion euskara ikasteari. Hasieran, batez ere jolasean ibiltzen ginen, hitz batzuk baino ez genituen ikasten. 14 urterekin udara pasatu nuen lehen aldiz barnetegi moduko batean. Ez nintzen oso gustura ibili, baina ondorengo bi urteetan, aldiz, bai. Goizez eskolak hartzen genituen, bazkalorduan ere euskaraz aritzen ginen, eta arratsaldean, berriz ere eskolak. Udara bukatuta ez nuen euskara lantzen, baina Euskal Herritik joaten zirenak harrituta gelditzen ziren, ez nuelako ahazten udaran ikasitakoa eta ikasitakoa finkatu egiten nuelako.

Noiz etorri zinen aurrenekoz Euskal Herrira?
18 urterekin etorri nintzen eta betiko ametsa gauzatu nuen. Lazkaora etorri nintzen, hiru hilabete pasatzeko asmoarekin. Ez nuen inor ezagutzen, ez nekien ondo moldatuko nintzen, baina denbora tartea horren azkar pasatu zen, ezen sei hilabete geratzea erabaki bainuen. Uste nuen zaharrago izan arte ez nuela Euskal Herria ezagutzeko aukerarik izango. Aitona-amonek, adibidez, ez zuten ezagutu, eta gurasoak ni baino urtebete lehenago etorri ziren estreinako aldiz.

Euskal Herrira itzultzeko gogoz etxeratu zinen, nonbait.
Neure buruari esaten nion unibertsitate ikasketak bukatutakoan bueltatu behar nuela. Aurreko aldian, sei hilabetean, hemengo bizimodua barneratu nuen, baina turismo kutsua izan zuen bisita hark. Horregatik bolada luzeagoa igarotzeko asmoz etorri nintzen bigarren aldian, duela hiru urte eta erdi.

Behin betiko geratzeko intentziorik al duzu?
Ez dakit nik bilatu behar dudan amaiera edo bere kabuz etorriko den. Hemen oso gustura nago. Argentinan, barnetegian trebatzen ginen, ondoren euskal etxean eskolak emateko, baina ez nuen sekula imajinatu Euskal Herrian bertan irakasle ariko nintzenik! Hernanin euskara eskolak emateko proposamenari ezetz esan nion hainbatetan, baina azkenean, baietz esan nuen.

Euskara ikasteko eginiko bideari erreparatuz gero…
Argentinako barnetegi moduko hartan bi hilabete eta erdi egotea gogorra egiten zitzaidan: lagunekin egon nahi nuen, hondartzara joan, parranda egin… Astelehenero negarrez joaten nintzen. Orain, aldiz, ez naiz damutzen. Euskal Herrira etorri nintzenean ez nuen inor ezagutzen, hortaz, lagun euskaldunak egin nituen, eta aholku hori ematen diet ingurune erdaldunetan bizi diren ikasleei, adiskide euskaldunak egin ditzatela.