Euskaraz Bizi Eguna Azkainen

Euskaraz Bizi Eguna Azkainen https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskaraz-bizi-eguna-azkainen/@@download/image/20116104629EBEazkaine03.jpg
2012/12/13
berria
Euskaraz Bizi Eguna Azkainen
Larunbat honetan EHEk antolaturik bazkaria, pilota eta kontzertuak izango dira Azkainen. “Euskararen alde egotetik, euskararen alde egitera” pasa beharra dagoela aldarrikatu nahi da jai giroan. 

“7 euskaldun + erdaldun bat = 8 erdaldun ekuazioarekin apurtu” beharra dagoela adierazi du EHEk. Horretarako norbanakook eguneroko bizitzan euskara lehenetsi behar dugula baina euskararen lurraldean lehentasunezko estatusa izatea ere ezinbestekotzat jotzen dute.
Auzolana jartzen dute lanerako ardatz gisa: “euskaldunok hainbatetan erakutsi dugu sasiak astindu eta euskaldun egiten gaituenari eusteko prest gaudela. Geuri dagokigu euskaraz bizitzeko bidea egitea; auzolanetik, bakoitzak bere horretan eta guztiok batera, bidea egin eta aldaketak eragin ditzakegula”
Auzolanean antolatu dute hain zuzen Euskararen Eguna ospatzeko egitaraua. Azkaineko pilota plaza inguruan bilduko da eguna: Ongi etorri goxo batekin hasiko dira, 13:00etan, bertaratzen diren guztiei kafea eta bizkotxoa eskainiaz, eta kale animazioaren laguntzaz. 15:00etan herri-bazkaria izango da eta ondoren txiste tailerra. Digestive-a hartu eta digestioa egin ondoren pilota partidaz gozatzeko aukera izango da ondoren; Jon Paterne eta Andoni Alberdi, Ibai Arregi eta Orkatz Aranoren kontra.
Iluntzean, eguna indarrez amaitzeko kontzertua eskainiko da Gaztetxean; Izate eta Xarma dira talde gonbidatuak.
Egun borobila, bada, festa eta aldarrikapena uztartzeko.