EUSKARATIK ETA EUSKARAZKO BETAURREKOAK JANTZITA BIDEO-JOKOEZ HITZ EGIN DUGU

EUSKARATIK ETA EUSKARAZKO BETAURREKOAK JANTZITA BIDEO-JOKOEZ HITZ EGIN DUGU https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskaratik-eta-euskarazko-betaurrekoak-jantzita-bideo-jokoez-hitz-egin-dugu/@@download/image/gaztezulo_JOKOTEKNIA_sarezulo3.jpg
2018/05/09

Testua: Egoitz Gonzalez @Aldakur

EUSKARATIK ETA EUSKARAZKO BETAURREKOAK JANTZITA BIDEO-JOKOEZ HITZ EGIN DUGU

Jokozalea ez den horietakoa bazara, agian, elkarrizketa hau irakurri ondoren bideo jokoen munduan murgiltzeko nahia piztuko zaizu. Jokozale amorratua baldin bazara, ordea, Game Erauntsia komunitatean parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi dizugu.

 

Euskal jokalariak elkar ezagutzeko, biltzeko eta beraien artean jokatzeko aukera izateko sortu zuten gamerauntsia.eus web orrialdea eta gaur egun euskal komunitate sendo bat bilakatzea lortu dute. Euskara oinarri, bloga, foroa, podcastak eta Youtube webgunean game playak zabaltzen dituzte, besteak beste. Komunitatea hobeto ezagutzeko Urtzi Odriozola Game Erauntsiaren lehendakariarekin solasean aritzeko aukera izan dugu.


Youtuber ezagunenak bideo-jokoen mundukoak dira. Zuek ere, Game Playak grabatzen dituzue baina, ez da egiten duzuen gauza bakarra. Zer esan diezaiokezu Game Erauntsia ezagutzen ez duen euskal jokozale bati?
Game Erauntsia bideo-jokoen mundua euskaraz bizi nahi duen orori dagoela irekia. Bai antolatzen ditugun txapelketetan, podcast, blog, eztabaida gune edota geure kabuz muntatutako euskarazko bideo-jokoen zerbitzarietan parte hartzera gonbidatuta daude. Baita elkarteak inoiz bultzatu izan dituen web-telebista edota jokoen itzulpenetan ere. Zerbait berri eta interesgarriren bat buruan badu, beti izango da ongi etorria gure artean.


Steam plataforman 150 pertsona baino gehiagoz osatutako taldea duzue. Minecraft jokoarentzat lehen euskal zerbitzaria ere sortu zenuten. Zer aurkitu dezakegu bi hauetan?
Steam plataforma nahiz eta euskaraz ez egon, gaur egun bideo-jokalarien artean garrantzitsuena den plataformetako bat da eta derrigor presentzia eduki behar dugun leku bat ere bai. Bertan saltsa pixka bat eta jokoetan parte hartuko zuten talde euskaldunak aterako zirela pentsatu genuen, baina taldearen kudeaketan ez dugu behar bezainbeste denbora hartu eta jendea harpidetuta badago ere, ez dago mugimendu handirik.
Minecraft zerbitzaria, berriz, arrakasta itzela izan zen. Euskal Herriko zazpi hiriburuak eraiki eta mundu birtual euskaldun bat sortzea lortu genuen. Denetarik egin genuen bertan: mini-jokoak, txapelketak, aparteko beste mundu bat, Korrika birtuala... ikaragarria izan zen. Orain arte egindako ekimen arrakastatsuena, dudarik gabe. Baina jokoak berak ere beste etapa bat bizi duela iruditzen zaigu, eta gaur egun modan beste batzuk daude. Zerbitzarian jende gutxi zebilen eta itxi egin behar izan genuen, indarrak beste ekimen batzuetan jartzeko.

 


‘ARK Survival’ eta ‘Pokemon GO’ jokoen Telegram taldea daukazue. Hauek al dira euskal komunitatearen artean joko arrakastatsuenak?
Gaur gaurkoz ziurrenik talderik aktiboena ARKena izango da. Joko hori Poxpolo izeneko erabiltzaile batek hasi eta buka itzuli zuen euskarara eta ordu piloan aritu dira jokoan hainbat jokalari. Oraindik martxan dugun zerbitzari bakarra da, baina etorriko dira berri gehiago.
Pokemon GO nik uste uda bateko sukarra izan zela. Jokalari piloa batu ginen joko honek sortzen zituen espektatibak ikusita, baina azkenean promesten zutenetik urrun geratu ziren eta jokoak izan zituen akatsak tarteko, jendea galtzen joan direla. Oraindik ere badago jendea tarteka jolasten duena eta Telegram taldeak aktibo dirau batez ere eguneraketa edota sartzen dituzten pokemon berriez jarduteko.


Aipatutako jokoen Telegram taldeez gain, elkarren artean komunikatzeko Telegram talde orokor bat duzue. Mundu digitalaz kanpo zuen artean bilkurak egiten al dituzue?
Bai, talde hori oso aktiboa da eta momentu honetan 80 bat pertsona dabiltza egunero mezu trukean. Bilkura finkoak bi egiten ditugu urtean elkarteko bazkideek, urteko lanak baloratu eta antolatzeko, baina hortik aparte ere bestelako topaketak egin izan ditugu. Lehengo urtean, adibidez, Pokemon Go modan zegoen garaian Donostian arratsalde bateko topagune bat antolatu genuen Pokemonak harrapatzeko eta Mondragon Unibertsitateko San Pankrazio eguneko txapelketak edota Durangoko Azokak urteroko zita finkoak bihurtu zaizkigu jadanik.


Zenbait bideo-joko ere itzuli izan dituzue. Zer nolako jokoak itzuli izan dituzue? Zer lan suposatzen du horrek?
Mota askotako jokoak itzuli ditugu, webgunean bertan ikus ahal du edonork katalogo osoa, bai guk itzulitakoak eta baita Librezalekoek itzulitakoak edota ekoizleek beraiek hasieratik euskaraz argitaraturikoak ere. Baina bi mota argi bereiziko nituzke: libreak eta komertzialak. Libreetan ez da arazorik egoten eta abantailak besterik ez daude jokoa itzuli eta hurrengo bertsioren batean argitaratua izateko. Izan ere, testu fitxategi bat edota online bidezko itzulpen kolaboratibo bat, beti egiten dizute lekua bertsio ofizialean. Komertzialetan, ordea, panorama konplikatuagoa da. Badaude jokoa itzultzeko erraztasunak ematen dituztenak, baina orokorrean oztopoak besterik ez dira izaten nahiz eta itzulpena dohainik egin: itzulpen fitxategiak ezin eskuratu, behin itzuli ostean bertsio ofizialean ez dute sartu nahi... eta hori ere ondo pentsatu beharrekoa da, ea merezi duen jokoa euskaratzeko lan guztia egitea, zuk hartutako lan hori jokoaren enpresak probetsua atera baitezake...


Azkue Fundazioarekin lan-hitzarmen bat sinatu berri duzue. Helburu nagusi bezala euskarazko bideojokogintza kultura indartzea delarik. Horretarako, Jokoteknia euskarazko bideo-jokoen lehen jardunaldia aurkeztu duzue. Zer aurkituko dugu maiatzaren 12an Azkuna Zentroan?
Goiz beteko hitzaldi ziklo bat izango da. Punta-puntako eta bertako bideo-joko adituekin jardungo dugu hemengo bideojokogintzaren panorama ulertu nahian. Bertako eragileekin egingo den lehen kontaktu bezala uler daiteke. Bideo-jokoez arituko gara, baina inoiz egin ez den bezala: euskaraz. Euskaratik eta euskarazko betaurrekoak jantzita. Euskal herrian bideojokogintza zein egoeratan dagoen ikusten saiatuko gara, bideo-joko bat egiteak edo itzultzeak –lokalizatzeak zer suposatzen duen– eta gonbidatu berezi bat ere izango dugu Kataluniatik etorria. Jokoak ingelesez garatzen baditu ere, hizkuntza minorizatuetara ere itzultzen ditu azpitituluak erabiliz eta horrek ekartzen dizkion onurak azaltzen saiatuko da. Noski, aldibereko itzulpen sistema egongo da eta hitzaldia katalanez egingo badu ere, guk euskaraz jaso ahal izango dugu.