Euskararen historiaren inguruko ikastaroa egingo dute Altzon

Euskararen historiaren inguruko ikastaroa egingo dute Altzon Bost saio izango dira guztira, martxora bitarte, eta mahai-inguruarekin borobilduko dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskararen-historiaren-inguruko-ikastaroa-egingo-dute-altzon/@@download/image/historia_egitarau.jpg
2024/01/15
Bost saio izango dira guztira, martxora bitarte, eta mahai-inguruarekin borobilduko dute.
Euskararen historiaren inguruko ikastaroa egingo dute Altzon

Galtzaundik, Altzoko kultura batzordeak eta Altzoko Udalak antolatu dute Euskararen historia ikastaroa, eta bost saio izango ditu guztira, datorren larunbatean hasita. Jardunaldia Batzarremuño Kulturgunean egingo da, larunbatetan.

Galtzaundik azaldu duenez, “hizkuntzalaritzan, historian zein soziolinguistikan adituak diren Borja Ariztimuño, Blanca Urgell, Haritz Azurmendi eta Garikoitz Goikoetxeak emango dituzte saio dibulgatiboak eta, amaitzeko, modu batera edo bestera euskalgintzan murgilduta dauden ahotsek borobilduko dute ikastaroa, mahai-inguru formatuan”.

Larunbatean, urtarrilaren 20an, Borja Ariztimuñoren hitzaldia izango da: Jakin noiztik X. mendera. Blanca Urgell izango da hurrengo hizlaria, otsailaren 3an, Euskara, jalgi hadi kanpora, XI-XVIII. mendeak izenburua duen hitzaldiarekin. Haritz Azurmendik Euskararen Pizkundeak eta atzerakada berria 1800-1975 landuko du otsailaren 17an, eta Garikoitz Goikoetxeak, martxoaren 2an, Euskalgintzaren berregituratzea eta indarberritzea, 1975-2023. 

Martxoaren 16an, berriz, Kike Amonarrizek gidatutako “Nora goaz? Etorkizunera begira” mahai-ingurua egingo dute. Honako hauek hartuko dute parte: Idurre Eskisabelek, Eneko Gorrik, Intza Gurrutxagak, eta Jon Sarasuak.

Izen-ematea urtarrilaren 18ra arte dago irekita eta 25 euroko kostua du ikastaroak. Galtzaundikideek 20 euro ordaindu beharko dituzte. Altzoko udaletxean edota Galtzaundiren egoitzan eman daiteke izena aurrez aurre eta baita online ere, formularioa beteta.