Euskararen egoera Nafarroan nolakoa den islatuko du Badira Bagara dokumentalak

Euskararen egoera Nafarroan nolakoa den islatuko du Badira Bagara dokumentalak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskararen-egoera-nafarroan-nolakoa-den-islatuko-du-badira-bagara-dokumentalak/@@download/image/badira_bagara_1376036799.jpg
2013/08/09
berria
Euskararen Foru Legeak Nafarroako udalerrien artean ezarri dituen mugen eraginak islatuko ditu ‘Badira Bagara’ dokumentalak. 21 eta 22 urte bitarteko Olatz Artola, Itxaso Frau eta Marta Prol ikus-entzunezko komunikazioan lizentziatuak dira beronen egileak.


"Euskal Herriko hizkuntza euskara da. Euskaraz mintzatzen dena, euskalduna. Europan sustrairik luzeena duen hizkuntzetako bat da euskara eta sorrera garaietatik etenik gabeko historia izan du. Hizkuntza isolatua da, beste hizkuntza biziekiko ahaidetasun genetiko ezagunik ez baitauka. Hizkuntza minorizatu eta minoritarioa ere bada, hiztun gutxiko hizkuntza zapaldua baita. Biziraute prozesuan egon da betidanik, eta dago. Izan ere Euskal Herriko lurretan badira guneak non euskarak zapalkuntza handia bizi duen; Nafarroan esaterako".

Hitz horiekin aurkezten dute beren proiektua Olatz Artola tolosarrak, Itxaso Frau getxostarrak eta Marta Prol eibartarrak. Gazteak dira hirurak, eta beren bitartekoak erabili nahi dituzte uneotan euskarak Nafarroan bizi duen egoera islatzeko. Izan ere, 1986ko Euskararen Foru Legeak hiru gune ezberdinetan bereizten du lurraldea: eremu euskalduna, eremu mistoa eta eremu ez euskalduna, eta azken honetan kokatzen diren Erribera eta Tuterako merindadeetako herrietan zailtasun ikaragarriak dituzte euskaraz bizi eta ikasteko, lan egin eta instituzioekin komunikatzeko.

Tuterako Argia Ikastolak 28 urte daramatza Erriberako haur eta gazteak euskalduntzen, eta pieza garrantzitsua da euskararen normalkuntza prozesuan.

Dokumentala
Badira Bagara proiektuak, hain zuzen, errealitatea hori plazaratzea du helburu. Lana irailean aurkeztuko dute, baina dagoeneko trailerra ikusgai da Sarean. Multimedia eduki mordoa bildu dituzte hiru neskek, eta euskara ardatz duten elkarrizketak egin dizkiete makina bat pertsonaia euskalduni, hala nola, Hesian taldeko kideei edota Esther Ferrer artistari. Guztia webgunean jarri dute ikus eta entzungai.

Halaber, proiektua babestu nahi dutenek diru ekarpenak egiteko aukera dute bertan.

Badira Bagara trailerra from badirabagara on Vimeo.