Euskararen aurkako oldarraldiaren aurrean, azaroaren 4an Bilboko kaleak betetzera deitu dute
Manifestazioa 17:00etan abiatuko da Euskaldunatik bertatik “Oldarraldiaren aurrean: euskarekin bat, euskaraz bat” lelopean eta udaletxean egingo da amaiera ekitaldia. Azken urteetan euskararen alde egin den manifestazio jendetsuena dela aurreikusi dute deitzaileek eta Bilboko kaleak betetzera dei egin dute.
Maiatzaren 10ean EAEko Auzitegi Nagusiaren atarian egin bezala, euskararen normalizazioaren kontrako epai sortarekiko desadostasuna agertzera animatu dute biztanleria Euskararen Kontseilukoek. Erandioko Udalekoa, Uliazpi Fundazioari buruzkoa, Barakaldokoa, Irungo udaltzainena edo euskara hizkuntza “zailegia” dela argudiatu zuen Laudioko sententzia gogoratu dituzte, besteak beste.
Alta, uztailaren 6an oldarraldiak “beste koska bat gora” egin zuela azaldu dute, Espainiako Konstituzio Auzitegiak udalerri euskaldunei euskara hutsez funtzionatzeko aukerak murriztu baitzizkien, EAEko Udal Legeko 6.2. artikulua partzialki baliogabetuz.
Hau guztia salatzeko leloa “Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat” izango dela iragarri dute, eta azaroaren 4ko manifestaziora joateko deia ez ezik ekimenaren bultzadan parte hartzeko deia egin diete norbanako zein eragile sozial eta politikoei. Hortaz, euskalgintzak dei zabala egin die euskararen alde dauden Euskal Herri osoko gizarte eragile, mugimendu eta norbanako guztiei manifestaziora mobiliza daitezen.
Eragileek eta norbanakoen manifestazioaren alde atxikimendua emateko aukera izango dute kontseilua.eus webgunean, eta bertan aurkituko dituzte kanpainan laguntzeko material eta baliabide guztiak.

