Euskararen aldeko 'Mintzalasai' festibala Baionan eta Biarritzen

Euskararen aldeko 'Mintzalasai' festibala Baionan eta Biarritzen 54 ekintza egingo dituzte gaurtik igandera, kirola, gogoeta, kultura, plazera eta festa uztartuz. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskararen-aldeko-mintzalasai-festibala-baionan-eta-biarritzen/@@download/image/--2019_09_28_29_mintzalasai_lac_marion_278_074511.jpg
2021/09/20

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

54 ekintza egingo dituzte gaurtik igandera, kirola, gogoeta, kultura, plazera eta festa uztartuz.
Euskararen aldeko 'Mintzalasai' festibala Baionan eta Biarritzen

Mintzalasai festibalaren 10. edizioa abiatuko dute gaur Baionan eta Biarritzen, eta igandera arte iraungo du. Euskararen inguruko hainbat jarduera egingo dituzte zazpi egunetan: tailerrak, ate irekitzeak, hitzaldiak, proiekzioak, ikusgarriak, bisita gidatuak… Gaur kirol jarduerak izango dira, bihar gogoetarako ekintzak, asteazkena haurren eguna izango da eta osteguna plazerarena, ostiralean kulturaren txanda izango da eta asteburuan, berriz, festari egingo diote tokia. Guztira 54 hitzordu izango dira, 51 elkarterekin elkarlanean antolatuak eta 70 laguntzaileren ahaleginari esker gauzatuak. Horietako zenbait ekintza Angelun egingo dituzte.

2011n abiatutako festibala erakunde publikoen eta elkarte munduaren arteko uztarketan aritu da proiektua garatzen. "Euskararen eta gurea bezalako hizkuntzen etorkizuna hein handi batean hirietan jokatzen dela" sinesten dute eta helburu berak dituzte eskuartean: hizkuntza plazerarekin lotzea, hitzordu original eta berritzaileak proposatuz; euskara ikusgarri egin eragile ezberdin anitz inplikatuz; eta iritzi publikoa hizkuntza gaien inguruan sentsibilizatu. Publiko orori zuzentzen diote jaialdia, gainera, euskaldun zaharrei, gau eskoletako ikasleei, haur elebidunen gurasoei, hiztun berriei eta hizkuntzen maitaleei. Egitaraua osatzerakoan ere kontuan izaten dute hori.

Egitarau osoa hemen dago jasoa. 

Proiektuak martxan
Mintzalasai egitasmoaren barruan hainbat proiektu dituzte martxan: eskualde mailan Mintzalasai euskaltegietan, festibala eta ikastetxeetan; eta Ipar Euskal Herri mailan webgunea, Besta Euskaraz produktu multzoa eta ezohiko gaiei buruzko hiztegitxoa. Hain zuzen ere ingeleskadak saihesteko hiztegitxoa argitaratu dute festibalaren harira, bilduma osatzeko.