Euskararen aldeko jaia larunbatean Agurainen

Euskararen aldeko jaia larunbatean Agurainen https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskararen-aldeko-jaia-larunbatean-agurainen/@@download/image/15_ordu_euskara_1371112623.jpg
2013/06/14
berria
‘Baietz 15 ordu euskaraz!’ lelopean, euskararen normalizazioaren aldeko jaia egingo dute aguraindarrek larunbatean, ekainak 15. Goizean goizetik ekingo diote festari, eta egun osoan zehar euskaraz ariko dira herriko hainbat elkarteren laguntzaz antolatutako jardueren bidez. Animatu!


Aurtengoa bigarren edizioa izango du Baietz 15 ordu euskaraz! jaialdiak, eta iaz bezalaxe, euskararen alde abiatutako borrokari ilusioz eusten diotela adieraziko dute antolatzaile nahiz parte hartzaileek. Horretarako, urte luzez esfortzu berezia egin duten herriko elkarteak omenduko dituzte, eta Galzar elkarte sortu berria aurkeztuko dute larunbatean, ekainak 15.

Goizeko 9:00etan, dianarekin batera, kalejira musikatua abiatuko da Euskal Herria plazatik, eta herriko Txindurri irratiak egun osoko emisioa hasiko du. Halaber, bizikleta erronka jarriko dute martxan: 15 orduz pedalei eman beharko diete herritarrek, euskararekin bezalaxe, elkarlanean eta etenik gabe jarduten dutela erakusteko.

Egun osoan
Haurrentzako jolasak, Musika Eskolako ikasleen emanaldiak, dantzak, lehiaketa gastronomikoak… egingo dituzte goizean; besteak beste, aipagarriak izango dira 12:00etatik 14:00etara bitarteko Euskararen fotomatoia eta Oihana Ameskuak zitarako espresuki idatzitako olerkiren irakurtaldia. Ondoren, herri bazkaria egingo dute Donibane enparantzan. Arratsaldean, halaber, karaokea, xake partidak, flash movie-a, saskibaloi partidak eta sagardo dastaketa egingo dituzte.

Eta egunari amaiera emateko, Eratu taldearen kontzertua 23:00etan! Hala, 15 orduko euskarazko jarduna bukatutzat emango dute gau erdian, datozen egun, hilabete eta urteetan ere, egun berezi honetan eginikoa normaltasunez egiten jarraitzeko.