Euskaraldiaren kantua plazaratu dute: 'Esazu hitz bat'

Euskaraldiaren kantua plazaratu dute: 'Esazu hitz bat' Xabier Zabalak, Aiora Renteriak, Pettik, Maddalen Arzallusek, Ainhoa Larrañagak eta Andoni Egañak hartu dute parte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskaraldiaren-kantua-plazaratu-dute-esazu-hitz-bat/@@download/image/bideoa.png
2022/07/07

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Xabier Zabalak, Aiora Renteriak, Pettik, Maddalen Arzallusek, Ainhoa Larrañagak eta Andoni Egañak hartu dute parte.
Euskaraldiaren kantua plazaratu dute: 'Esazu hitz bat'

Euskaraldia azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da Hitzez egiteko garaia lelopean, eta berau girotzeko abestia kaleratu berri dute. Xabier Zabala musikariak konposatu du musika eta Andoni Egaña bertsolariak jarri dio letra Esazu hitz bat kantuari. Aiora Renteriak, Pettik, Maddalen Arzallusek, Ainhoa Larrañagak eta Egañak berak jarri diote ahotsa abestiari. Bideoan abeslariak eurak eta Galtzaundiko Euskara Taldeko kideak eta Tolosaldeko euskaltzaleak ageri dira. 

Euskaraldiaren hirugarren edizioak ariguneak izango ditu protagonista, belarriprest eta ahobiziekin batera. 2020an egindako bigarren edizioan bezala, entitateek parte hartzeko aukera izango dute eta berauen funtzio nagusia euskaraz lasai aritzeko guneak sortzea izango da. Pandemia betean milaka entitatek ariguneak sortu ondoren, euskararentzako espazio berriak sortu eta ariguneak areagotzeko helburua dute Euskaraldiaren sustatzaileek. Proposamena enpresa, erakunde, elkarte, fundazio, klub, talde eta era guztietako entitate antolatuei luzatu zaie.

Euskaraldiaren arduradunen hitzetan, "ilusioz, arduraz, gogoz eta emozioz ekingo diogu ariketari. Kaleak beteko ditugu berriz ere, euskaraz hitz egitea inoiz baino errazago izan dadin. Belarriprestok eta ahobiziok aukera berriak izan ditzagun lan egingo dugu elkarrekin, auzoz auzo, herriz herri eta arigunez arigune. Hitzez ekiteko garaia heldu da".