Euskarabentura Zarautzera iritsi zen pasa den asteazkenean

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak Euskarabenturan parte hartzen ari diren 120 gazteak hartu zituzten asteazken arratsaldean, Zarautzen antolatutako harrera batean. Espedizio hau euskararen lurraldea zeharkatzen ari da uztailean zehar, eta Zupiria sailburuak harrera egin nahi izan zien parte-hartzaileei, bere ustez eurak direlako euskara hein handiagoan ezagutzen dutenak eta gehien erabiltzen dutenak.
Xabier Txurruka Zarautzeko alkatearekin batera, Eusko Jaurlaritzako ordezkariek Euskarabenturako gazteekin hitz egiteko aukera izan dute. “Haurrak eta gazteak dira euskara neurri handiagoan ezagutzen dutenak, bai eta gehien erabiltzen dutenak ere. Hala ere, hizkuntzaren erabilera sozialaren ikuspuntutik, tartea dago urratsak ematen jarraitzeko, batik bat belaunaldi gazteenen artean, ezagutza-maila oso altua da eta. Helburu hori lortzeko, euskarak bizipen positiboei lotuta egon behar du, eta horren adibide da Euskarabentura; haren bidez, gure kultura eta gure hizkuntza hobeto ezagutu ahal izango dute”, adierazi du Zupiriak. Halaber, ekimen honen garrantzia azpimarratu du kultura ondarea gazteen artean hedatzeko.
Aurtengoa Euskarabenturaren bigarren edizioa da, eta ekimen honek hiru helburu nagusi ditu: gazteen artean euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea; gazte euskaldunen sare berri bat sortu eta elikatzea; eta, hirugarrenik, euskal natura-ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalen transmisioa bermatzea.
Euskarabenturan 16 eta 17 urteko 120 gaztek hartzen dute parte, Euskadi, Nafarroa eta Iparraldekoak, bai eta diasporako zenbait ere. Uztailaren 1ean abiatu eta hilaren 31ra bitartean, 31 etapa osatuko dituzte, 783 kilometro orotara, gehienak oinez. Bigarren edizio hau Maulen hasi eta Getxon amaituko da. Horrez gain, aldiro-aldiro hainbat esparrutako profesionalak (musikariak, soziolinguista, aktoreak, bertsolariak, kazetariak, idazleak, kirolariak...) espediziora batuko dira ordu batzuk askotariko jakintzak elkar trukatu eta gazteen esperientzia aberasteko.