Euskara modan jarriko da asteburuan

Andoainen, euskara modan jarri dute egunotan; Bastero Kulturgunean modari buruzko hitzaldiak eta mahai inguruak antolatu dituzte. Bertan, besteak beste, Urtzi Azpiroz eta Irati Guarretxena andoaindar disenatzaileek, Maddalen Marzol lurrinean adituak, Cristobal Balenciaga museoko Igor Uriak edota Mikel Aramendi modeloak hartu dute parte.
Hala, zita bat duzu larunbat honetan, urriak 7, herrian, Gau Txuria egingo dutelako. Kale Nagusiko hamahiru denda irekita egongo dira gaueko 00:00ak arte, eta zortzi denda Juanita Alkain plazan jarriko diren karpetan egongo dira, 17:00etatik 00:00ak arte.
11:00etan, mahai-inguru bat egingo da Basteron, Moda astintzen izenburuarekin eta ordubatean kale antzerkia, Basterotik Santa Krutz ermitaraino. Arratsaldean zehar kale animazioa antolatuko da herriko hainbat musikarekin, eta 22:00etan, Mikel Urdangarin eta Esti Sistiaga musikariek kontzertu bat eskainiko dute.
Bestalde, Modeus pintxo lehiaketa egingo da herriko hainbat tabernatan, osteguna eta ostiralean (18:00-21:00) eta larunbatean (12:00-15:00 eta 18:00-21:00). Lehiaketako sari banaketa larunbatean, 19:00etan, egingo da. Bi sari banatuko dira: herritarrena eta gastronomiako adituena. Modan da Euskara ekimeneko ekintza guztiak euskaraz izango dira. Hitzaldietan eta mahai-inguruan euskaratik gaztelaniarako aldibereko itzulpen zerbitzua eskainiko da. Prest zaude euskaraz janzteko?