'Euskara jalgi hadi plazara' futbol txapelketaren bigarren edizioa egingo dute larunbatean
Hamabi Futbol Klubak bigarrengoz antolatuta, Euskara, jalgi hadi plazara lagunarteko futbol txapelketa jokatuko da Lezaman datorren larunbatean.
Euskararen erabilera sustatzen duten lau kirol elkartek hartuko dute parte: Hamabi Futbol Kluba (Bilbo, Bizkaia), Unión Tutera (Tutera, Nafarroa), Arranoak (Ortzaize, Behe Nafarroa) eta Zestoa KB (Zestoa, Gipuzkoa).
Txapelketa berezia izango da: epaile euskaldunek gidatuko dituzte partidak, eta sari berezia emango zaio txapelketan euskara gehien erabiltzen duen taldeari.
Goizeko hamaiketan egingo zaie harrera taldeei eta hogei minutu geroago emango diote hasiera txapelketari. Lehen bi partidak hamaika eta erdietan izango dira: Hamabi FK – Unión Tutera (Lezama 8) eta Zestoa KB– Arranoak FC (Lezama 6). Hamabiak eta hamarrean, berriz, honako bi norgehiagokak jokatuko dira: Arranoak FC – Hamabi FK (Lezama 8) eta Zestoa KB – Unión Tutera (Lezama 6). Azkenik, ordu bata hamar gutxitan, honela arituko dira: Hamabi FK – Zestoa KB (Lezama 8) Unión Tutera – Arranoak FC (Lezama 6).
Sari banaketa egingo dute ordu bata eta erdietan, eta mokaduarekin borobilduko dute eguna.

