'Euskara aurrera' manifestazio nazionala izango da bihar Donostian

'Euskara aurrera' manifestazio nazionala izango da bihar Donostian Euskarak dituen mehatxu eta arrisku berrien aurrean akordioen beharra dagoela aldarrikatu nahi dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskara-aurrera-manifestazio-nazionala-izango-da-bihar-donostian/@@download/image/FTLVvJ6XEAQAC50.png
2022/05/20

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Euskarak dituen mehatxu eta arrisku berrien aurrean akordioen beharra dagoela aldarrikatu nahi dute.
'Euskara aurrera' manifestazio nazionala izango da bihar Donostian

Gazte Euskaltzaleen Sareak euskararen aldeko manifestazio nazionalera joateko deia egin die Euskal Herri osoko euskaltzaleei, eta azken asteetan atxikipen ugari jaso dituzte gizarte eragile eta gainerako herritarren aldetik. Etorkizuna euskaraz irudikatzen duten guztiak animatu dituzte bihar arratsaldeko manifestazioan parte hartzera. "Denona da, etorkizuna euskaraz irudikatzen dugun guztiona. Euskaldun berri eta zaharrena, gazte eta helduena, euskaltzale peto-petoena, hizkuntza ikasteko aukera izan ez dutenena; azken batean, euskarak aurrera egitea merezi duela uste duten guzti-guztiena. Horiei guztiei larunbatean Donostiako kaleak betetzeko gonbita egiten diegu".

Antolatzaileen ustetan, euskarak bizi duen "makalaldiari" erantzun behar zaio, hauspoaldi garaiaren ondoren, "mehatxu berriak eta erronka berriak" daudelako: "Ez dugu euskara normalizatzea lortu eta azken urteotan geldialdia sumatu dugu euskalduntze prozesuan. Batetik, ez dute etenik euskararen aurkako erabaki politiko eta judizialek, eta horrek ez du aurrera egin dezan laguntzen. Bestetik, interkomunikatuta bizi garen garai ezegonkor hauetan kokatu nahian eta ezinean ari da gure hizkuntza, gero eta lausoago, pandemian ikusi dugun moduan. Euskarak aurrera egin dezan egoerari aurre egin eta instituzioen eta gizarte zibilaren arteko akordio berria behar du". 

Mobilizazioa 17:30ean abiatuko da, Donostiako Antiguako tuneletik, 'Euskara aurrera' lelopean. Gasteizen, Iruñean, Baionan eta Bilbon autobusak antolatu dituzte bertara joateko eta baita beste hainbat tokitan ere.