Euskara ahoan ala zuloan?

Euskara ahoan ala zuloan? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskara-ahoan-ala-zuloan/@@download/image/18p26-1_1370376530.jpg
2002/04/05
erreportajea
Aitziber Iartza
Munduan dauden 6.000 hizkuntzetatik erdia desagertzeko arriskuan daudela esan du Unescok. Hizkuntza horien artean euskara dago. Desagertzea ekidin daiteke. Baina, horretarako bide bakarra dago: euskaraz bizi.

Unescoren arabera (Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundea), munduan 3.000 hizkuntza daude arriskuan. Horien artean gurea.
Unescok dioenez, hizkuntza bat arriskuan dago umeen %30 baino gehiagok ikasten ez dutenean. Euskal Herriko inguru batzuetan kopuru hori gainditu egiten da. Adibidez, Gipuzkoan umeen eta gazteen %58 euskara hutsez ari dira ikasten eta %25 eredu elebidunean. Beste herrialde batzuetan, aldiz, erabat alderantzizkoa da. Nafarroan eta batez ere Ipar Euskal Herrian, esaterako.

Gazte erdaldun ugari
Nafarroan 13 eta 14 urteko gazteen %19 baino ez da euskalduna. Beste %15ek euskara ulertzen du, baina ez du hitz egiten. 16 eta 24 urtekoen artean datuak kezkagarriagoak dira: %11 dira euskaldunak. Ipar Euskal Herrian 13 eta 14 urteko gazteen %9 dira euskal hiztunak eta beste %13k euskara ulertzen du. 16 eta 24 urte bitartean %11 dira euskaldunak eta %13ak uler dezake baina ez du hitz egiten.

Jakitea ez da nahikoa
Baina hizkuntza baten ezagutzaz haratago, hizkuntza baten erabilerak bermatzen du haren etorkizuna. Euskarak ez du etorkizunik erabiltzen ez bada. Erabili, gainera, bizitzako eremu guztietan erabili behar da. Imanol Esnaola Soziolinguistika Euskal Institutoko kideak hori argi du. Hala, euskara, eskolan ezezik, beste eremuetan erabiltzeko dauden zailtasunak azaldu dizkigu. Ziur zu ere honen lekuko zarela. "Uste izan da eskolan euskaraz hitz egiteagatik beste eremuetan ere gaztea euskaraz ariko zela, baina hori ez da horrela. Eskola gauza bat da eta kanpokoa beste bat. Eskolak dioena handik kanpo egiteko, baldintza batzuk behar dira", adierazi digu Imanol Esnaolak. 

Izan ere, aisialdia erdararekin lotzen dugu askotan gazteok. Esnaolak duela gutxi gertatutako kasu bat aipatu digu hau azaltzeko. Bederatzi urteko ume batekin gertatutako kasua da, beti euskaraz ikasi duen eta ingurune euskaldun batean bizi den umearen kasua. Gurasoek Harry Potterren euskarazko liburu bat oparitu zioten eta umeari asko gustatu zitzaion. Bigarren liburua gazteleraz atera zen, eta gurasoek erosi egin zioten. Umeak askoz ere gehiago gozatu zuen gaztelerazko liburuarekin euskarazkoarekin baino. "Hori gertatzen da ume horrek aisialdiarekin lotutako estimuloak, emozioenak, abenturenak… gazteleraz jaso dituelako. Emozioen kultura gazteleraz eraiki du maila handi batean", azaldu digu Imanol Esnaolak. Zuri ere gertatu al zaizu behin baino gehiagotan halakorik? Noski, liburuak, aldizkariak, filmak, asteburuko txangoak… hautatzerakoan erdarara jotzen baduzu hala izango da, halabeharrez.

Aisialdia euskaraz
Beraz, kontua da kultura euskaraz sortzea. Kultura, noski, zentzu zabalean ulertuta; esperientzia konpartituen multzo gisa ulertuta. "Espainiarrak eta frantsesak etengabe ari dira kultura hori sortzen. Guk, ordea, ez dugu hala egiten". Egoera honi aurre egin nahi badiozu, euskaraz bizitzea, jolastea, lan egitea eta gozatzea beste aukerarik ez dago.

Ligatu euskaraz
Euskaraz gozatu ere egin behar bada, garrantzitsua izan daiteke euskaraz ligatzea. Horretarako, noski, imaginazioa eta ausardia apur bat behar dira. Ligatzeko hiztegitxoa osatzea izan daiteke zure lehen lana. Proposamena da gaztelerazko "me gustas" eta frantsesezko "tu me plaes" euskaraz nola esan asmatzea. Musika talde ezagun batek "maiteminez biziki atsegin zatzaizkit" kantatu du. Baina, hori neska edo mutil bati esanez gero, ziurrenik, ligatu baino uxatu egingo zenuke. 

Umorea ere euskarazkoa izatea beharrezkoa da. Hala, txisteak euskaraz kontatzeko lehiaketa antolatzea ez legoke gaizki.

Argota sortu
Ildo honetan, askotan aipatu izan da euskaraz gazte argotik ez dagoela eta horregatik jotzen dela erdarara. Kasu askotan gure aurreko belaunaldiek ez ziguten argotik erakutsi, baina argota gauza bizia da, etengabe aldatzen dena. Beraz, argota sortu egin behar dugu. Gaztelerazko edo frantsesezko argotak ez dira hiztegi batetik atera. Gai gara, ordea, gurekin zerikusi handia ez duten Madrilgo edo Parisko auzo bateko gazteek sortutako argota erabiltzeko. Hori egiteko gai bagara, ez al gara gai izango gurea sortzeko? Beste eginbehar dibertigarri bat baduzu.

Babelgo dorrea erortzear



Guguyimidjir, Pupeo, Lepcha, Ewenki Proper, Udege, Kildin Sámi…Munduan dauden hizkuntzetako batzuk honakoak dira. Izan ere, 6.000 hizkuntza daude munduan. Horietatik 3.000 desagertzeko arriskuan daude. Babelgo Dorrea, beraz, Pisakoaren antzera, okertzen hasia da. Hona munduan diren hizkuntzen inguruko zenbait bitxikeria.

Zortzi hiztunekin, mirari bila. Ainuak Japonia iparraldeko uharteetan bizi dira. Bi uhartetan aspaldi desagertu zen haien hizkuntza. Hirugarren uhartean Ainu hizkuntza 1980ean eman zuten hiltzat. Zortzi hiztun baino ez ziren geratzen, eta horiek zaharrak. Geroztik, ordea, hizkuntza bizirik mantentzeko politikak jarri dira martxan eta gero eta ume gehiago ari dira ikasten. Oraindik, ordea, hilzorian dago.

Papua Ginea Berria hizkuntzez gainezka. Papua Ginea Berriak 462.840 km2 ditu eta 4.300.000 biztanle. Gune hain txikian 820 hizkuntza biltzen dira, munduko bilgune handiena. Hizkuntzak orain arte osasuntsu egon dira, baina hiztun talde ezberdinen arteko nahasketa medio, batzuk galtzen ari dira.

Bokal gutxieneko hizkuntzak. Kaukasoko ipar mendebaldean Circassian eta Abkhas hizkuntzak daude. Hizkuntza hauek kontsonante gehien eta bokal gutxien dituztenak dira. Lehenengoz hizkuntza hauek entzutean giza doinuak ote diren zalantzak sortzen omen dira.

Gazte euskaldun baten komeriak


Komeria ugari izaten ditugu batzuetan gurean euskaraz aritzeko. Hala, hainbat egoera deseroso gertatzen zaizkigu. Hona hemen egoera horietako batzuk.

• Koadrilan guztiak gara euskaldunak, baina hitzik ez dugu euskaraz egiten.

Koadrilaz aldatzea ez da konponbidea, besteak beste, koadrila euskalduna topatzea ez delako erraza. Horregatik, guztiak bildu eta gaiaz seriozki hitz egitea izan daiteke irtenbidea.

• Koadrilan gehienak euskaldunak gara, baina badira bi lagun euskaraz modatzen ez direnak. Hauek azaltzerakoan guztiak erdaraz hasten gara.

Koadrilatik botatzea ez dizuegu gomendatzen. Aldiz, euskaraz hitz egin nahi duzuela, eta ulertzen saia daitezen, poliki eta argi hitz egingo duzuela esateko aukera duzue. Guztien artean botea jartzea eta bi horiei euskaltegia ordaintzea ere izan daiteke aukera.

• Aisialdi produktuak euskaraz jasotzea kostatzen zait

Espainierazko eta frantsesezko produktuen uholdea etengabea da gurean. Baina, badira euskarazko produktu duin ugari: irratiak, aldizkariak, egunkariak, ikastaroak, txangoak…Gainera, kontsumitzen ez badituzu, zaila izango da hauen kalitate hobetzea.

Gobernuaren jarrera nora, hizkuntza hara



Unescok dioenez, Hego Euskal Herrian euskara arriskuan dago. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan, berriz, arrisku larrian. Euskal Herrian askotan aldarrikatu da euskarak hizkuntza politika egokia behar duela aurrera egiteko. Unescoren txostenak hau baieztatu egiten du.

Txostenak hebreeraren kasua aipatzen du. Hizkuntza hau aspalditik hilik zegoen. Israelgo estatua sortzearekin batera, agintariak hebreera bultzatzen hasi ziren buru belarri. Egun Israelen ofiziala da, komunikabide asko hebreeraz aritzen dira, munduan hainbat unibertsitate daude, interneten ehunka orri topa ditzakezu…Hebreera hizkuntza bizia da berriro.

Beste adibide bat Australia da. Australiak arriskuan diren hizkuntzen errekorra du. Izan ere, 1970era arte politika oso erasokorra egin zuen Gobernuak bertako indigenen kontra. Urte horretatik aurrera Gobernuak jarrera aldatu du. Ondorioz, hainbat hizkuntza indartzen ari dira.

Euskara bezala, anaia-arrebarik gabe



Euskararen jatorriaz asko hitz egin da. Ikerlari asko saiatu dira hizkuntza
batekin edo bestearekin lotzen. Kaukasoko hizkuntzekin, Afrikako zenbait hizkuntzekin…Oraingoz, baina, lotura garbirik ez da topatu. Anaia-arrebarik
gabeko hizkuntza da euskara.

Ez da, ordea, anai-arrebarik gabeko hizkuntza bakarra. Badira jatorri argirik gabeko hainbat hizkuntza. Siberian bada Nivkh izeneko hizkuntza bat. Hilzorian dago.

India iparraldeko erdialdean Burushaski izeneko hizkuntza ere badago. Nivkh hizkuntzaren kasuan ez bezala, Burushaski hizkuntza ez dago desagertzeko arriskuan.

Zaparrada Gaztegunea, eredu bat


Aisialdia euskaraz garatzearen garrantzia ikusita, Bilbon Zaparrada Gaztegunea abian jarri da. Bilboko hainbat gaztek eta Zenbat Gara elkarteak bultzatu dute 12 eta 16 urteko gazteei zuzendutako ekimena. Bilboko Kafe Antzokia izango da erreferentea eta bertan gazteak izango dira jaun eta jabe. Ongi pasatzea, gauzak ekoiztea eta heziketa eta kultura garatzea dira helburuak.

Badira Euskal Herrian beste eredu batzuk, eta beraz, euskaraz bizi nahi baduzu, badakizu bidea non izan dezakezun.