Euskaltzaindiak eta UZEI-k aukeratu dute aurtengo hitza: 'Zorioneko'
Aranzadi Zientzia Elkarteak Arangurengo (Nafarroa) Irulegi mendiko aztarnategian aurkitutako brontzezko eskuan, "orain arte baskoieraz ezagutzen den testu zahar eta zabalena" dago idatzita. Aurkikuntza honen garrantzia dela medio, albisteak oihartzun handia izan du komunikabideetan.
Zientzialariek Irulegiko eskuaren idazkuna osatuko luketen hitzetako baten trankribapena "sorioneku" zela azaldu zuten eta hitz hori bolo-bolo zabaldu da jendartean. Mezu, lelo eta meme ugari egin dituzte hitza erabilita.
Euskaltzaindiak jakinarazi duenez, "aurten, inflazioak, Ukrainako gerrak eta hizpide izan diren beste gai nagusi batzuei itzal egiteko adinako hedadura izan du Irulegiko eskuak. Horren adibide da, esaterako, gertakari horren inguruko oihartzunak Euskaltzaindiaren Hiztegian utzi duen nolabaiteko arrastoa, «zorioneko» formak azaroko aste bakarrean izan baitzuen hiztegi digital horretako sarrera bakoitzak aurten batez beste izandako kontsulta-kopuru bera".
UZEIk egunero egiten du lexikoaren jarraipena, nagusiki komunikabideak arakatuz, besteak beste hizkuntza naturalaren prozesamenduan oinarritutako tresnak garatzeko eta mantentzeko. Jarraipen horretan oinarrituta hautatzen dute Euskaltzaindiak eta UZEIk urteko hitza.
