Euskaltzaindiak 'adikzio', 'amnesiko', 'antibiral', 'asozial', 'azpikontratu', 'elixir' eta 'tauromakia' hitzak gehitu ditu hiztegian

Euskaltzaindiak 'adikzio', 'amnesiko', 'antibiral', 'asozial', 'azpikontratu', 'elixir' eta 'tauromakia' hitzak gehitu ditu hiztegian 843 forma berri jaso ditu azken sei hilabeteotan eta bi milatik gora moldatu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskaltzaindiak-adikzio-amnesiko-antibiral-asozial-azpikontratu-elixir-eta-tauromakia-hitzak-gehitu-ditu-hiztegian/@@download/image/eh-azala.jpg
2024/01/19
843 forma berri jaso ditu azken sei hilabeteotan eta bi milatik gora moldatu.
Euskaltzaindiak 'adikzio', 'amnesiko', 'antibiral', 'asozial', 'azpikontratu', 'elixir' eta 'tauromakia' hitzak gehitu ditu hiztegian

Euskaltzaindiak etengabe osatzen eta berrikusten du hiztegia, eta urtean bitan sareratzen ditu berrikuntzak 2016az geroztik. 2023ko bigarren urte-erdian eginiko lanaren emaitzak sareratu dituzte orain, eta, hala, 843 forma berri jaso ditu hiztegian Euskararen Akademiak.

843 forma berri horietatik 73 sarrera, 389 azpisarrera eta 381 ohiko lexia dira. Era berean, 2.376 forma moldatu edo findu dituzte: 2.194 sarrera eta 182 azpisarrera. Guztira 49.471 forma ditu orain hiztegiak, 66.523 adiera eta 108.630 adibide. Hemen kontsulta daiteke zerrenda. 

Izan ere, Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradunak gogoratu duenez: “Forma berriak sartzea bezain garrantzitsua da lehendik dagoena txukuntzea, eguneratzea, adiera batzuk egungo erabileren arabera berrantolatzea. Hiztegia argiagoa, erabilerrazagoa eta egungo beharretara egokitua izateko ezinbesteko lana”.

Aintzat hartzen dituzte adibideak eranstea, berdintasuna eta arau berriak aplikatzea. “Oraingo eguneratzean 1.916 sarrera eta adibide moldatu edo ukitu dira. Esaterako, adibiderik gabe zeuden adiera batzuetan gehitu egin dira (adib.: makil dantza, optimista edo orkidea); egungo gizartearen ikuspegitik zaharkituak, desegokiak edo iraingarriak izan zitezkeenak ere aldatu dira, batez ere gizon eta emakumeen arteko berdintasunari erreparatuta (atzitzaile, emerdi, zelati...). Horrez gain, Euskara Batuaren Ortotipografiaren (EBO) arau berrien arabera berrikusi eta egokitu dugu hiztegia; eta, ohi bezala, adierak berrikusi, osatu eta findu dira, bai eta euskalki- zein erregistro-markak ere; eta, nola ez, jakintza-arloa”.

Bestetik, lehenengoz, 381 ohiko lexia jaso dira hiztegian. “Ohiko lexia figura berria da, forma konplexua, azpisarrerak bezala, baina oso gardena da eta ez du definizio-beharrik ere. Beraz, informazioa eta adibideak besterik ez daude, gehienetan definizioa bera tautologikoa delako. Baina hitzen konbinazioak zuzen erabiltzeko argigarriak dira forma hauek (adibidez: saria banatu / eman / eskuratu / irabazi / jaso / lortu; sua amatatu / itzali / piztu). Azalpena behar dutenak edo adiera bat baino gehiago dituztenak azpisarrera izango dira, orain arte bezala (adibidez: su eman, sasiari su eman, su hartu...)”. Aurrerantzean ohiko lexiaren zerrenda  osatzen jarraituko dutela aurreratu du Urkiak.

Euskal Hiztegi-Etimologikoa eta esaera zaharrak
Beste iturri batzuk kontsultatzeko aukera eskaintzen du hiztegiak (Orotariko Euskal HiztegiaXX. mendeko corpusaLexikoaren BehatokiaEuskararen Herri Hizkeren Atlasa) eta hor Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa ere gehitu dute. Hori dela eta, “erabiltzailea zuzenean joan daiteke hiztegitik forma horren etimologia begiratzera, baldin eta EHHE-n jasota badago, jakina”.

Gainera, esaera zaharrak aurreko eguneratzean jaso ziren, baina orain “dagokien sarrera guztietara lotura” egin dela ohartarazi du Urkiak. Atal horretan, 518 esaera zahar bildu dira.