Euskaldunak Instagramen!

Euskaldunak Instagramen! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskaldunak-instagramen/@@download/image/azkue_fundazioa_1369035076.jpg
2013/05/20
berria
Azkue Fundazioak lehiaketa original eta dibertigarria jarri du abian maiatzaren 17ko Interneten Egunaren karietara: Ni euskalduna naiz! Istagram Lehiaketa. Helburua sare sozial honetan euskararen presentzia areagotzea da, eta irabazleak tablet bikain bat eskuratuko du. Animatu, oso erraza da!


Asociacion de Usuarios de Internet eta Internet Societyren ekimenez, maiatzaren 17a Interneten Nazioarteko Eguna bilakatu zen 2005ean. Azkue Fundazioak, hain zuzen, euskara eta teknologia berriak uztartzeko hamaika egitasmo abian jartzen dituen erakundeak, abagunea aprobetxatu eta lehiaketa berri bat antolatu du Instagram sare soziala baliatuz.

Parte hartu nahi baduzu, honako urratsak jarraitu behar dituzu: lehenik eta behin, Azkue Fundazioaren jarraitzaile egin behar zara Instagramen. Ondoren, Ni euskalduna naiz! gaia oinarri hartu eta horrek iradokitzen dizunaren argazki bat egin. Segidan, argitaratu argazkia Instagramen eta gehitu iezaiozu #Euskaldunok hashtaga. Eta listo, dagoeneko egin duzu egin beharrekoa!

Hori bai, parte hartzeaz gain Arnova 10 tablet bat irabazi nahi baduzu, ahalik eta Atsegin dut gehien lortzen saiatu behar duzu; beraz, esaiezu lagunei zure Instagramean sartu eta bihotzaren botoitxoari sakatzeko!

Maiatzaren 31 baino lehen
Argazkiak igotzen hasteko epea iragan ostiralean zabaldu zuten, eta maiatzaren 31n, goizeko 10:00etan, itxiko dute. Atsegin dut gehien lortzen dituen argazkia izango da irabazlea, eta berdinketa egongo balitz, epaimahaiak hautatuko du garailea, irizpide moduan, sormena kontuan hartuz.

Ziur ideiak bikainak bururatu zaizkizula dagoeneko, beraz, egin zure argazkia eta igo lehenbailehen Instagramera! Zorte pixka batekin, tableta zure izan daiteke!