Euskalduna Jauregian herritarrentzako hainbat ekintza egingo dituzte otsailaren 26an

Euskalduna Jauregian herritarrentzako hainbat ekintza egingo dituzte otsailaren 26an Erakusketak, LGTBI turismoari buruzko jardunaldiak, bisita antzeztu eta gidatuak, zirkua, zeinu hizkuntzako dantza ikuskizuna, eta musika izango dira, besteak beste. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskalduna-jauregian-herritarrentzako-hainbat-ekintza-egingo-dituzte-otsailaren-26an/@@download/image/euskalduna.png
2022/02/18

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Erakusketak, LGTBI turismoari buruzko jardunaldiak, bisita antzeztu eta gidatuak, zirkua, zeinu hizkuntzako dantza ikuskizuna, eta musika izango dira, besteak beste.
Euskalduna Jauregian herritarrentzako hainbat ekintza egingo dituzte otsailaren 26an

Bilboko Euskalduna Jauregiak herritarrak gonbidatu ditu otsailaren 26an, bertan izango diren mota askotariko jarduerez gozatzeko. Egun osorako egitarau oparoa antolatu dute, Bizi Euskalduna lelopean, "Euskalduna inklusibo, ireki eta parte-hartzailearen aldeko apustua" egin nahian. Tailerrak, erakusketak, bisita gidatuak, jardunaldiak, musika-emanaldiak, eta familiei zuzendutako ikuskizunak izango dira.

Euskalduna Jauregira egingo den bisita gidatuarekin hasiko da eguna. Ondoren, Garapen Jasangarrirako Helburuei buruzko hamazazpi pieza labur proiektatuko dira, eta gai horri buruzko tailer didaktikoa egingo dute umeentzat. Jarraian, LGTBI turismoaren inguruko genero-konferentziara joateko aukera izango da. Goizeko 11:30etik aurrera, berriz, haurrek familia osoari zuzendutako hainbat ikuskizunez gozatu ahal izango dute, hala nola zirkutailerra, ipuin kontalaria eta Glu Glu Producciones-en Botadun katua lana. Gainera, 0A aretoan Inspiringirls ekimenari buruzko hitzaldia izango da.

Bazkaltzeko etenaldiaren aurretik, bisitariek OLBE BILBAO OPERAren hitzaldian parte hartu ahal izango dute. Hitzaldi horretan opera bat muntatzeko gakoak garatuko dira. Honen ondotik, Arymux Antzerki eta Dantza Konpainiako Rakel Rodriguezek emandako Antzerki Zeinudantza ikuskizun inklusiboarekin emango diote jarraipena egunari.

Arratsaldean beste zirkutailer saio bat egingo da Urban Hall-en. Gero, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren eskutik, Musikaz Blai jardunaldi-heziketa tailerra eta Borja Niso piano-jotzaile eta konpositorearen piano errezitaldia izango da Auditorioan. Bestetik, ipuin kontalaria eta Antzerki Zeinudantza saioa ere prestatuko dute. Amaitzeko, arratsalde erdian, LGTBI kolektiboaren trans musika emanaldia izango da, eta Anariren kontzertua Urban Hall-en. Gainera, Galerna taldeak Getxoko McEnroe taldearen telonero lana egingo du 0B aretoan eta Belako talde bizkaitarrak itxiko du programazioa Auditorioan.

Egun horretaz gozatu ahal izateko, ezinbestekoa izango da erreserba aldez aurretik egitea. Jarduerak doakoak izango dira, umeentzako Botadun katua ikuskizuna, BOSen eguna eta musika-emanaldiak izan ezik. Sarrera erosketak eta erreserbak webgunean egin daitezke. 

Bisita gidatuak otsailetik uztailera
Bisita gidatuak zabalgune nagusian hasiko dira eta eraikineko espazio eta areto nagusiak zeharkatuko dituzte. Pertsona guztiengan pentsatuz diseinatu dute, irisgarritasuna kontuan hartuta. Ordubete eta hamabost minutu inguruko iraupena izango du, eta gehienez 20 lagunentzako lekua izango da. Bisitak doakoak diren arren, sarrerak online eskuratu beharko dira. Une honetan, bisitak egun hauetan daude programatuta: otsailaren 19an; martxoaren 12an, 20an eta 26an; apirilaren 2an, 9an, 14an, 15ean, 16an, 17an, 18an, 23an eta 30ean; maiatzaren 7an, 21ean eta 28an; ekainaren 4an, 18an eta 25ean; eta uztailaren 2an, 9an, 16an, 23an eta 30ean.