Euskal zinema, handiekin

Euskal zinema, handiekin Euskal Herriko zinemak badu lekua Donostia Zinemaldian, eta aurten, eskaintza zabala izango da: Euskal Herrian ekoitzitako hamalau lan izango dira guztira; zazpi, Irizar sarirako lehian. Euskarazko zortzi film ikusteko aukera izango dugu, eta Telmo Esnalen 'Dantza' Glocal in Progress sailean lehiatuko da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-zinema-handiekin/@@download/image/Zinemaldia01.jpg
2017/09/01
berria
Euskal Herriko zinemak badu lekua Donostia Zinemaldian, eta aurten, eskaintza zabala izango da: Euskal Herrian ekoitzitako hamalau lan izango dira guztira; zazpi, Irizar sarirako lehian. Euskarazko zortzi film ikusteko aukera izango dugu, eta Telmo Esnalen 'Dantza' Glocal in Progress sailean lehiatuko da.
Euskal zinema, handiekin

Azken urteetako bidea jarraituz, Euskal Herriko filmek presentzia zabala izango dute Donostiako 65. Zinemaldian. Euskal Herrian ekoitzitako hamalau film eskainiko dituzte, horietatik zortzi euskaraz. Bestalde, Telmo Esnalen Dantza, Glocal in Progress sail berrian lehiatuko da; hain zuzen, Glocal in Progress programa Europako hizkuntza ez-hegemonikoetan sortutako zinema bultzatzeko sortu dute aurten.

 

Guztira hamalau euskal ekoizpen izango dira 65. Donostia Zinemaldiko zortzi sail eta programetan. Horietatik zazpik Zinemaldian izango dute munduko estreinaldia eta Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehiatuko dute.

 

Honako hauek dira aurtengo Zinemaldian ikusi ahalko diren euskarazko zazpi filmen izenak: Handia, Nur eta herensugearen tenplua, Akelarre, Areka, Bi Txirulari, Elkarrekin-Together eta Euritan.

 

 

Zinemira sailak lehiaketako hiru film hartuko ditu berean. Eñaut Castagnet (Berria 10 urteWhen I Was a Child) eta Ximun Fuchs, Le Petit Théâtre de Pain antzerki-konpainiaren sortzailea, fikzio zinematografikoaren alorrean estreinatuko dira Non filmarekin. Bertan, Frantziako herri txiki bateko komunitate baten borrokaren berri emango digute, enpresa batek itxi ondoren. Bi txirula, gogoetarako bidaia, Iñigo García lehen fikzio-film luzea da. Lanbidez arkitekto, zenbait film labur egin ditu aurretik, esaterako, Big Boy dokumentala eta Errusia. Eta Pura vida (2012) eta Walls (2015) filmen zuzendari eta ekoizleek, Pablo Iraburuk, Migueltxo Molinak (Iruña, 1978) eta Igor Otxoak (Donostia, 1978), Elkarrekin-Together zuzendu dute. Filmean, AEBtako ekialdeko kostaldean dagoen irla urrun bateraino joango dira euskal arkeologoen espedizio bati jarraikiz, euskal bale arrantzaleak eta bertakoak han elkartu eta lankidetzan aritu zirela baieztatuko duten frogen bila. Elkarrekin-Together izan da Euskal Zinema eta ETBren Galako emanaldirako aukeratutako filma.

Saila lehiaketaz kanpo parte hartuko duten bi filmekin osatuko da: Converso, David Arratibelen (Oírse) bigarren filma, eta Nur eta herensugearen tenplua, Juanba Berasategik (Pasaia, 1951-2017) zuzendutako azkenekoa.

Sail Ofizialean bi obra izango dira Irizar sarirako hautagaiMorir, Fernando Francok (Sevilla, 1976) La herida egin ostean zuzendutako bigarren filma, Marian Álvarez eta Andrés Gertrudix antzezleek protagonizatzen dute; aldiz, Handia-k, Aitor Arregiren (Oñati, 1977) eta Jon Garañoren (Donostia, 1974) filmak, Eneko Sagardoy, Joseba Usabiaga, Iñigo Aranburu, Ramon Agirre eta Aia Kruse ditu protagonista.

 

Halaber, saria lortzeko lehian izango da Operación Concha, Antonio Cuadri (Trigueros, Huelva, 1960) zuzendariaren filma, Jordi Mollà, Karra Elejalde, Unax Ugalde, Ramon Agirre eta Bárbara Goenaga protagonistekin. Belodromoan izango da emanaldia.

Irizar sariaren epaimahaiak kontuan hartuko du Bestelako jarduerak programaren esparruko Volar filma ere. Bertha Gaztelumendik (Irun, 1962) zuzendua -Zinemiran Mariposas en el hierro (2012) estreinatu zuen- genero-indarkeriaren biktima diren bederatzi emakumerengana hurbilduko da. Protagonistek asteburu bat elkarrekin ematen dute landa-eremuan.

Gainera, Koldo Almandoz (Donostia, 1973) berriz izango da Zabaltegi-Tabakaleran iaz Sipo Phantasma aurkeztu ondoren. Aurten Plágan izeneko film laburrarekin parte hartuko du. Kimuak 2017 ekimenerako hautatua izan zen, eta, urtero bezala, ekimeneko zazpi obrak profesionalentzako emanaldia izango dute Zinemaldiaren esparruan.

 

 

GLOCAL IN PROGRESS

Glocal in Progress ekimenak, hizkuntza ez-hegemonikoetan filmatutako Europako filmei emandako industria-jarduerak, Telmo Esnal zuzendariaren Dantza aukeratu du lehenbiziko edizioan. Aurrez hainbat lan aurkeztu ditu zuzendariak Zinemaldian: Aupa Etxebeste! (Zuzendari Berriak, 2005), Amona putz! (Zinemira - Euskal Zinemaren Panorama 2009),  Urte berri on, amona! (Zabaltegi-Zuzendari Berriak 2011) eta  Iraila, (Kalebegiak). GAZTEZULON Dantza filmaren inguruan mintzatu ginen Esnalekin; elkarrizketa irakurri nahi baduzu, jo hona.

Azkenik, Zinemaldiak eta Tabakalerak ikus-entzunezko proiektuak sustatzeko asmoz, elkarrekin antolatzen duten Ikusmira Berriak programan Las letras de Jordi aukeratu dute, Maider Fernándezen proposamena. María Elorzarekin batera Gure hormek (Zabaltegi-Tabakalera 2016) eta La chica de la luz egin ditu Fernándezek; azken hori, Kalebegiak (Belodromo 2016) film koralaren barruan.