Euskal Zine Bilera-ren lehiaketan parte hartzeko deialdia zabalik

Euskal Zine Bilera-ren lehiaketan parte hartzeko deialdia zabalik Irailaren 8ra arte aurkez daitezke lanak. Aurtengo jaialdiak aurrez aurreko formatua eta birtuala uztartuko ditu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-zine-bileraren-lehiaketan-parte-hartzeko-deialdia-zabalik/@@download/image/euskal zine bilera.jpg
2021/06/10

Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Irailaren 8ra arte aurkez daitezke lanak. Aurtengo jaialdiak aurrez aurreko formatua eta birtuala uztartuko ditu.
Euskal Zine Bilera-ren lehiaketan parte hartzeko deialdia zabalik

Lekeitioko Euskal Zine Bileraren 44.edizioa izango da aurtengoa eta euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleiho izango da azaroaren 20tik 28ra. Aurreko urteko edizioa berezia izan zen, online egin behar izan baitzuten osasun egoera zela eta. Jaialdiak ohikoa den aurrez aurreko formatua berreskuratzeko ahalegina egingo du, nahiz eta modu birtualaren alde batzuk ere mantenduko dituen. Hortaz, ikusleak zine aretoetara erakartzen saiatuko dira, segurtasun neurri guztiak beteta. 

Iazko online jaialdiak onura batzuk ere ekarri zituen antolatzaileen ustetan eta, beraz, zenbait elementu errepikatzea erabaki dute: zinebilera.eus orrialdean jaialdiko hainbat eduki egongo dira ikusgai, besteak beste, lehiaketara aurkezten diren lanak. Osasun egoera alde batera utzita ere, Lekeitiora hurbildu ezin duen jendearentzat prestatutako edukiak zintzilikatuko dituzte webgunean. 

Euskal Zine Bileraren baitako lehiaketa ezaguna dugu Euskal Herrian. Aurtengoan ere  lehiaketa bateratua egingo dute, hau da, ez dituzte lan amateurrak eta profesionalak bereiziko. Zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak emango dituzte eta ikusleak ere protagonista izango dira, haiek lan bakoitzari emandako puntuazioaren bidez erabakiko baita zein izango den ikuslearen sari bereziaren irabazlea. Lehiaketa formatu fisikoan eta digitalean egingo dute nahiz eta lehentasuna aretoko proiekzioei eman. Dena den, euren webgunearen bidez lanak ikusi eta bozkatzeko aukera izango da. 

Lanak aurkezteko epea irailaren 8ra artekoa izango da eta hemen bildu dituzte oinarriak. Hogei lan aukeratuko dituzte aurkezten direnen artean eta hauen egileek 200 euroko saria jasoko dute egindako lana eskertzeko. Sarituek ere izango dute diru-ekarpena: zuzendaritza eta gidoi onenaren saria eskuratzen dutenek 1.600 euro jasoko dituzte bakoitzak, film onenak 1.900 euro eta ikusleen sariak 750 euro.