Euskal soinu tresnen bilduma ikusgai izango da martxoan Miarritzen

Euskal soinu tresnen bilduma ikusgai izango da martxoan Miarritzen https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-soinu-tresnen-bilduma-ikusgai-izango-da-martxoan-miarritzen/@@download/image/soinuenea_01_1393316859.jpg
2014/02/25
berria
Euskal herri musikaren baitako soinu tresnak biltzen dituen erakusketa da Soinuenea, EKE Euskal Kultur Erakundeak eta Oiartzungo Udalak sortutako Soinuenea herri musikaren dokumentazio zentroak elkarlanean osatutako bilduma. Miarritzeko Mediatekan izango da ikusgai martxoaren 7tik 29ra.


Azken urteetan euskal herri musikan erabili, ezagutu eta azaldu diren soinu-tresnekin osaturiko erakusketa erakargarri eta didaktikoa ikusgai izango da ia martxo osoan zehar Miarritzen. Proiektuaren atzean dago, EKErekin batera, Oiartzungo Soinuenea herri musikaren dokumentazio zentroa, Juan Mari Beltran Argiñenaren soinu-tresna bildumako zenbait euskal instrumentu baliatuz osatutakoa. 2002an zabaldu zuten egoitza Oiartzunen bertan, eta ordutik 32.000 bisitari baino gehiago igaro dira bertatik, instrumentu, liburu, disko, bideo, film eta argazkiak behatzera.

Bada, Miarritzeko Mediatekan lagin bat izango da ikusgai, 100 soinu-tresna eta hots jostailu inguruz osaturiko bilduma; aerofonoak, idiofonoak, kordofonoak, menbranofonoak eta herri kulturan jolasteko erabiltzen ziren gailuak, alegia.

Gainera, eraikinaren sarreran Kantuketan erresoluzio handiko pantailak jarri ditu EKEk, bisitariek euskal kantugintzaren historia, gizartean duen lekua eta Euskal Herriarekiko duen lotura intimoaren berri izan dezan, ikus-entzunezko ibilbide interesgarria osatu ahala.

Inaugurazioa
Erakusketa martxoaren 7an, ostirala, zabalduko dute, 18:00etan, eta Juan Mari Beltranek gidatutako bisitaren ostean, 18:30ean, zintzur bustitzea egingo dute. Hilaren 13an, halaber, Euskal Musikak Zuzenean emanaldia eskainiko dute 18:00etatik aurrera. Erakusketa, gogora dezagun, martxoaren 29ra bitarte, larunbata, ikusi ahal izango da.