Euskal skatea, oztopoen gainetik

Euskal skatea, oztopoen gainetik https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-skatea-oztopoen-gainetik/@@download/image/54p16-1_1366666326.jpg
2005/07/01
erreportajea
Unai Brea
Gurean ez dago skatearenganako zaletasun handia, munduko beste leku batzuekin konparatuta, AEBekin, esaterako. Hala ere, Hego Euskal Herriko eskualde batzutan, kirol horrek badauka zelanbaiteko tradizioa; are gehiago, dozena erdi profesional dago Bizkaian eta Araban.

Euskal Herriko txoko askotan daude skaterrak. Dena den, kirol honek indar gehien daukan lekua esan behar badugu, Bilbo eta inguruak aukeratuko ditugu, duda barik. Izan ere, skatea Algortatik sartu ei zen Iberiar penintsulara. Eta, garai batean, Getxoko auzo hori izan ei zen Estatu espainiar osoan skate gehien egiten zen lekua.

Gaur egun, ez da hala. Madril eta Bartzelona bezalako hiri handiak gailendu dira azkenean, baina Algortak skatearen euskal hiriburua izaten jarraitzen du, Bilbo eta Gasteizegaz. Horrek ez du esan gura, hala ere, gainerako eskualdeetan skatea egiten ez denik. Egin egiten da, baina ez hainbeste beharbada, edo ez hain maila onaz. Skatea egiteko atondutako leku gehien ere, dagoeneko aipatu ditugunetan daude: Bilbo, Gasteiz, Getxo eta inguruko herriak…

Skatea 80ko hamarkada baino lehenagotik egiten da Euskal Herrian, baina benetako loraldia 1988tik aurrera izan zen, Dogway aldizkariko langileek dioskutenez: "Mundu osoan gertatu zen, eta hona berandutxoago ailegatu zen". Azken urteotan, skate park ugari egin dira euskal hiri eta herri askotan, baina oso txarrak dira, gugaz berba egin duten aditu guztien ustez, behinik behin.

"Euskal Herria da skate parkak okerren egin diren munduko hamar lekuetako bat", dio Alain Goikoetxea skater profesionalak. Bere ustez, skate parkak diseinatzeko erabili diren irizpideak ez dira egokiak, eta ez zaie skaterrei euren iritzia itaundu.

Skate parken kalitatea gorabehera, ez da gauza handirik behar skatean jarduteko. Ohola besterik ez da behar, eta horiek ez dira lar garestiak izaten. Skate park onik ezean, kaleak ere hor daude —skateagaz arin ibiltzea legez kanpo egon arren—, eta hiri batzutan, ohikoa izaten da gazteak skate gainean arrapaladan igarotzen ikustea. Hori bai, ordu asko egin behar dira ohola gainean skater ona izateko.

Dozena erdi "pro"

Hego Euskal Herriak, zailtasunak zailtasun, sei profesional eman ditu orain arte ("pro" esaten zaie skatearen berbakeran). Bost bizkaitarrak dira (Bilbo, Algorta eta Leioakoak, hain zuzen); seigarrena, Javier Sarmiento gasteiztarra, nazioarte mailan daukagun skatelaririk garrantzitsuena da, Alain Goikoetxea algortarragaz batera. Honek dioskunez, "skate munduak profesionalak behar ditu. Jantzi, oinetako, ohol… marka asko dago, eta bakoitzak bere skaterra gura du. Eta azkenean skateagaz zer ikusirik ez daukaten enpresa batzuk ere sartu dira tartean: Samsung, Play Station, auto-markak…".

Dirua egon badago, beraz. Orduan, asko ala gutxi dira sei profesional? Dogway aldizkariko Daniel Garcíaren ustez, oso batez besteko duina da, Hego Euskal Herrian dagoen skatelari kopuru osoa kontuan hartuta. Mundu mailako potentzia bihurtzeko bidean egongo ote gara?

Dogway aldizkaria



Dogway aldizkaria orain dela zazpi urte jaio zen Bilbon, estatu espainiar osoan –“Euskadin soilik ez dago merkatu nahikoa”- skatearen berri emateko asmoz. Gaur egun Bartzelonan bizi den Patxi Pardiñas argazkilariak sortu zuen aldizkaria, “penintsula osoan, ez baitzegoen skatearen gaineko informazioa zabaltzeko inongo bitartekorik”, Daniel Garcia diseinatzaileak azaldu digunez. Gaur egun, 21.000 ale banatzen dira, baita estatutik kanpo ere. Esate baterako, Grezia eta Portugalen ere saltzen da, gaztelania hutsez idatzita egon arren.

Aldizkaria bi hilabetero kaleratzen da, eta orrialde askotxo edukiten du. 116 eta 132 bitartean, edukien arabera. Den-dena koloretan egiten da. Skatea oso kirol ikusgarria da, eta normala denez, argazki ugariz beteta dator Dogway. Izan ere, argazkiak dira aldizkariaren oinarria, testuen gainetik. Skaterren bati egindako elkarrizketak –gehienetan Espainiar estatukoak, baina inoiz hortik kanpokoren bat ere bai-, bidaien gaineko erreportajeak… Tankera horretako edukiakaz asetzen dute Dogwaykoek skatezaleen jakingura.