Euskal selekzioaren mina

Euskal selekzioaren mina https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-selekzioaren-mina/@@download/image/19p29-1_1369943071.jpg
2002/05/03
erreportajea
Jon Odriozola
Abuztuan Munduko Pilota Txapelketa jokatuko da Iruñean. Euskal gizarteak bere selekzioak nazioartean parte hartzea behin eta berriro eskatu duen arren, ez dirudi hala izango denik. Beste hainbat kiroletan bezala, euskal selekzioa nahi eta ezin dabil.

Pilotan munduko potentziarik handiena den arren, Euskal Herriak ezin du oraingoz nazioartean era ofizialean lehiatu. Oztopo nagusia Espainiako eta Frantziako pilota federazioen jarrera da.

Frantziako Federazioak euskal selekzioaren auziarekin zerikusirik ez duela dio. Dominique Boutineau bertako presidentearen ustez, arazoa "Espainian dago, arazo politikoa da, ez kirol mailakoa". Antza, auzia EAEn edo, asko jota, Hego Euskal Herrian dago, baina inola ere ez Ipar Euskal Herrian. Boutineauk, ordea, ez du kontuan hartu Ipar Euskal Herriko pilotari asko euskal selekzioa nazioartean lehiatzearen alde agertu direla eta are gehiago, batzuek Frantzian jokatzeari uko egin diotela.

Julian Garcia Angulo Espainiako Pilota Federazioko presidenteak, berriz, euskal selekzioaren eskaria "onartezina" dela adierazi du: "hala ere, gobernuek hartu beharko dituzte erabakiak. Agian, txapelketa autonomien artean jokatuko da, eta orduan, Euskadik Nafarroaren edo Gaztela-Leoneren pare lehiatu beharko du".

Euskal Herriko pilota selekzioaren aldeko borrokak, Alfred Hitchcocken filmeen antzera, ustegabeko amaiera izan dezake. Iruñean arituko al dira gure ordezkariak? Zaila dirudi. Izan ere, Espainiako eta Frantziako federazioen jarrerari Euskal Herriaren bereizketa administratiboa gehitu behar zaio: ziur asko, parte hartzekotan, EAEko ordezkaritza batek parte hartuko luke, ez Euskal Herri osokoak. Eta lehen esan bezala, hori ere ez da batere erraza izango. Begira dezagun Euskal Herriko pilota selekzioaren aldeko aldarrikapenak zein ibilbide egin duen urteotan guztiotan.

Bide malkartsua

1990an Euskadiko selekzioak Kubako Munduko Txapelketan jokatu zuen erakustaldi modalitateetan (erremontea, pala eta zesta punta) gonbidatu gisa. Jokatu ostean, Euskal Herriko zenbait pilotarik, euskal selekzioaren kamisetak eskuan zituztela, Habanako Palacio de Los Gritos-en desfilatu zuten, gainerako herrialdeetako ordezkarien artean.

Bai Donibane Lohitzuneko, bai Mexikoko txapelketen harira, Euskadiko Federazioak (EAE) nazioartean aritzea eskatu zuen. Antza, Mexikokoan (1998), Gaitan de Ayala nazioarteko presidenteak euskal selekzioak hurrengo txapelketan parte hartuko zuela hitz eman zuen. Horrez gain, Euskadiko federazioak Bilbo eskaini zuen 2002ko txapelketa jokatzeko. Honek ere, euskal selekzioaren auziarekin lotuta, eman du zeresana.

Iruneko txapelketa jopuntuan

Izan ere, 1999ko ekainaren 19an, bat-batean beste bi hautagaitza aurkeztu ziren: Valentzia eta Iruñea. Azkenik, Espainiako Federazioak Iruñearen alde egin zuen. Erabakian iruzurra izan zela salatu zuten zenbaitek. Garcia Angulok adierazi zuenez, berriz, Bizkaiko eta EAEko federazioek "euren burua baztertu dute, euren jarduerarengatik". Kontuak kontu, Munduko Pilota Txapelketa Euskal Herrian jokatuko da aurten.

Euskadiko Pilota Federazioak aurrera jarraitu zuen nazioartean era ofizialean aritzeko eskaerarekin eta gehiengo osoz, 2000ko ekainaren 27an, Espainiakotik irtetea erabaki zuen.

2002ko martxoaren 16an Nazioarteko Pilota Federazioak euskal selekzioa nazioartean sartu behar ote zen eztabaidatzeko proposamena atzera bota zuen. Ondorioz, bertako hiru kidek dimititu egin zuten, bozketa "iluna" izan zela argudiatuta. Bestalde, Juan Jose Lekue Panamerikar Konfederazioko presidente venezuelarraren esanetan, "egun, pilotan, politika, boto salerosketa, presioak eta mehatxuak nagusi dira".

Bi txapelketa?

Dena dela, Euskadiko Federazioak ere kritikak jaso ditu. ESAIT-ek dioenez, "lau urtetan egin ez duena, nahikoa lan izango da mundiala hasteko falta diren lau hilabeteetan egitea". Iruñeko txapelketa abuztuaren 21etik 31ra jokatuko da eta bistan da denbora gutxi falta dela. Urrats sendorik eman ezean, euskal selekzioko zenbait pilotari Frantziako eta Espainiako selekzioekin jokatzea deliberatzen ari dira.

Auzi honen nondik-norakoak hobeto ulertzeko, horra hor datu bat: Iruñeko txapelketako Antolakuntza Batzordeak frantsesa eta gaztelera hizkuntza ofizialtzat hartu ditu. Euskarak ez omen du tokirik izango. Zalantza gutxi dago, beraz, Espainiako federazioaren eta antolatzaileen asmoez. ESAITek txapelketari boikota egitea baztertu du, pilotari kalte ez egitearren, baina agian, Euskadiko Federazioarekin bat letorke txapelketa paralelo baten antolakuntzan.

Pilotarien pausoak



Otsailean Ipar Euskal Herriko sei pilotarik, Frantzian jokatzeari uko egiteaz gain, Euskal Herriko selekzioaren aldeko sinadurak biltzeari ekin zioten. Idatzian ziotenez, ez ziren ez Frantziako ezta Espainiako selekzioen aurka ari, euskal selekzioaren alde baizik. Sustatzaileen esanetan, “euskaldunok herrialdeetako txapelketetan Euskal Herria ordezkatzeko eskubidea dugu”. Bestalde, “nazio bat gehiago izateak, herrialde arteko lehian, pilota maila hobetzea eta aberastea ekarriko luke”, zioten.
Bide batez, euskal diasporako zenbait kide Euskal Herriko selekzioaren aldeko atxikimenduak jasotzen ari dira, Atxikimenduak bidaltzeko helbide bat ere badago (euskaldiaspora@euskalerria.org).

Gainerako kiroletan berdintsu



Urte bukaera aldera ohiko bihurtu dira Euskal Herriko futbol, eskubaloi, saskibaloi eta baita azkenaldian izotz hockey, errugbi eta water-polo selekzioen lehiak. Norgehiagoka hauek ez dira ofizialak izaten. Beste kirol batzuetan, aldiz, gure selekzioak era ofizialean jokatzeko aukera izan du.Surfa. Duela hamar urtez geroztik, nazioarteko federaziokide izan arren, abuztuan, Hossegorren (Frantzia) jokatutako Europako Txapelketan, Euskal Herriko selekzioak ez zuen parte hartzerik izan. Nazioartekoak, duela urte t"erdi eskas sortutako Espainiako Surf Federazioa norgehiagokan zegoela argudiatuta, euskal selekzioa lehiatik kanpo utzi zuen.

Wushu Kungfu. Borroka-arteetako modalitate honetan, Frantziako eta Espainiako selekzioak egon arren, Euskal Herriko selekzioak ez du inongo trabarik nazioartean aritzeko. Urrian Japonian egindako munduko txapelketan euskal selekzioak bi domina lortu zituen.

Sokatira. Eztabaida luzeen ondoren, Hego Euskal Herriko tiralariek, gogoz kontra, Nazioarteko Sokatira Federazioko (TWIF) oharrari men egin diote. Espainian federaziorik ez dagoen arren, etorkizunean, atzerrian lehiatu ahal izateko, tiralariek Espainiako ordezkari gisa parte hartu beharko dute. Bide batez, “kirolarien jantzietan ez da onartuko Euskadi edo Basque Country azaltzea” gaineratu du TWIF-ek. Isaac Izurieta Euskadiko Herri Kirol Federazioko presidenteak azaldu duenez, “ez bagara nazioartean lehiatzen, sokatira desagertzeko arriskuan egon daiteke ”.