Euskal rock-aren hastapenak: Errobi

Euskal rock-aren hastapenak: Errobi https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-rockaren-hastapenak-errobi/@@download/image/52p32-1.jpg
2005/05/06
erreportajea
Julen Azpitarte
Errobi lehen euskal rock taldea izan zen. 1973an sortu zuten Mixel Ducau eta Anje Duhalde lapurtarrek, eta euren lehen diskoa, "Errobi", 1975ean kaleratu zen. Gure herri txiki honek emandako lehen rock disko hartan, rock sinfonikoaren eta jazz fusioaren arrastoak suma daitezke, euskal folk-aren ezaugarri tradizionalak baztertu barik.

Hala ere, "Ametsaren Bidea" (Xoxoa argitaletxea, 1979) da taldeak argitaratu zuen lanik sendoena. Musika kritikari gehienen iritziz, diskoak primeran uztartzen ditu euskal tradizioaren musika ezaugarriak eta rock-a. "Ametsaren Bidea" kantako bateria solo motza, sasoi hartako onenetarikoa dela esaten dute musika honetan adituak direnek.

Taldea 1979an desagertu zen, baina ordurako, gure oroimenean itsatsita geratu diren kanta biribil eta arrakastatsu asko idatzi zituzten: "Gure lekukotasuna", "Xileko langileria" eta "Telebista", besteak beste. 1985ean, taldea epe labur baterako elkartu zen berriro, baina bigarren saiakera hori antzua suertatu zen. Gerora, Mixel Ducauk eta Anje Duhaldek bakarkako ibilbide oparoari helduko zioten.

Lizeoan: Stones eta bertsolaritza

Mixel Ducau eta Anje Duhaldek Lizeo berean ikasi zuten, eta Beatles, Elvis Presley, Kinks eta Bob Dylan bezalako rock musikariak entzuten zituzten. Erresuma Batuko eta AEBetako rockaren jarraitzaile sutsuak izan arren, ez zituzten euren sustraiak ahazten. Ondorioz, bi ezaugarri horiek -rocka eta euskal folka-, taldearen hastapenetatik bukaeraraino mantendu ziren euren musikan.

Errobikoek 1973an eman zituzten lehen pausoak musika munduan. Izan ere, urte hartan aurreneko singlea kaleratu zuten. Urtebete beranduago, euren lehendabiziko disko luzea izango zena grabatu, eta azkenik, 1975 urtean, euren estreinua argitaratu zen.

Kanten hitzak sasoi hartako egoeraren isla ziren. Konpromisoz betetako kantak ziren, baina era berean, atenporalak eta gaurkotasun handikoak. Daniel Landart poeta zen hitzok idazten zituena; Landart Errobiren hirugarren ardatza baitzen.

Jendea, harrituta

Jendearen harrera bitxia izan zen, harridurazkoa. Errobikoak rock zaleen piurarekin igotzen ziren agertokira:  gitarra, bateria eta baxua hartu, eta euskaraz abesten hasten ziren. "Hippie hauek nondik atera ote dira?", pentsatuko zuen batek baino gehiagok. Hala ere, ez zuten amore eman, eta 1976tik aurrera, arrakasta itzela lortu zuten, Hego Euskal Herrian batez ere.

Anje Duhaldek, behin baino gehiagotan adierazi du bizi zuten garaiak eragin handia izan zuela taldearen arrakastan: Hego Euskal Herrian trantsizio politikoaren garaia zen, egoera oso nahasia zen...

Horren harira, Errobiren lehenengo bi diskoak gainontzekoak baino konprometituagoak izan ziren. Izan ere, 1977tik aurrera, mezu politikoak gutxitu egin ziren, eta polítika alde batera utzita, zaleak taldearen musika aintzat hartzen hasi ziren. Hala ere, seguru asko, 1979an argitaratutako "Ametsaren Bidea" izango da taldearen unerik emankorrena.

Taldea banandu

1980 urtean, motibazio ezak taldearen desagerpena eragin zuen. Gainera, taldekideek euren bakarkako bideari ekin nahi zioten. Nolanahi ere, bost urte beranduago, itzuli egingo ziren Xoxoa zigiluaren eskaera onartuz. Taldeak disko berria grabatu zuen: "Agur t'erdi".

Hala ere, sasoi hartan Euskal Rock Erradikala pil pilean zegoen, eta aurkari gogorregia izan zen 70eko hamarkadako talde birsortu harentzat. Are gehiago: birsortze hori artifizialegia suertatu zen, eta ondorioz, egitasmoak ez zuen askorik iraun.

Ondare aberatsa
2003 urtean, Elkar diskoetxeak bost Cd-ko bilduma argitaratu zuen taldearen diskografia osoarekin. Gezurra badirudi ere, Errobiren lanak gure mugak gainditu ditu, eta gaur arte iraun du. Izan ere, Guerssen diskoetxe katalanak (disko psikodelikoak eta progresiboak argitaratzen dituen diskoetxe espezializatua), euskal talde aitzindariaren lehendabiziko lanen binilozko berrargitalpen ederrak kaleratu ditu. Sinestezina, ezta?

Errobi, era naturalean sortu zen lehen euskal rock taldea izan zen. Talde iraultzaile hura, rock-aren jarraitzaile gazte batzuen ekimena izan zen. Kanta onak egitea zuten xede, gaur egun milaka taldek duten helburu bera. Lapurdiko musikari grinatsu haiek ez zuten historiara igaro nahi… "zuzenean jo, eta gero gerokoak", pentsatuko zuten. Talde klasikoa bihurtu dira, ordea.

Diskografia


“Errobi” (1975)
“Gure lekukotasuna” (1977)
Bizi-bizian” (1978) (Zuzenean grabatutako bilduma).
Ametsaren bidea” (1979)
“Agur t"erdi” (1984)
“Errobi 1975-1984” (2003). 5 CD-tako kaxa.