Euskal rock erradikalari buruzko western musikala estreinatuko dute Barakaldon

Euskal rock erradikalari buruzko western musikala estreinatuko dute Barakaldon Laurogeiko hamarkadako aldarrikapen nagusien bueltan dihardu antzezlanak: intsumisioa, mugimendu antinuklearrak, Gladys del Estalen hilketa, eta Basauriko hamaika emakumeren abortuaren aldeko mobilizazioa. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-rock-erradikalari-buruzko-western-musikala-estreinatuko-dute-barakaldon/@@download/image/1dade791-f54b-9bf4-24f9-ce6b61055b3f.jpg
2022/03/11

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Laurogeiko hamarkadako aldarrikapen nagusien bueltan dihardu antzezlanak: intsumisioa, mugimendu antinuklearrak, Gladys del Estalen hilketa, eta Basauriko hamaika emakumeren abortuaren aldeko mobilizazioa.
Euskal rock erradikalari buruzko western musikala estreinatuko dute Barakaldon

Olatz Gorrotxategik (Bilbo, 1982) sortu eta zuzendutako Mierda de Ciudad  euskal rock erradikalaren gorakadari eta beherakadari buruzko western musikala estreinatuko da bihar Barakaldo Antzokian. Antzerki dokumentua eta memoria historikoa uztartzen ditu: "Elkarrizketaren eta emanaldiaren umoreak, musikak, eta  jostailu eta bideoen bidez historiako une gogorretan zehar egindako ibilbideak western kutsuko musikal tragikomikoa osatzen dute". 

Antzezlanak euskal rock erradikalaren historia kontatzen du, eta Euskal Herriko 80ko hamarkadako "garai inkonformista" islatzen du. Obra gutun batekin eta hainbat absentziarekin hasten da: "Karta bolbora eta goma bi da, talde baten agur-kontzertua da", dio Gorrotxategik oholtza gainean. Mamenek, nerabezaroko lagun eta protagonisten musika bandako kide ohiak, bidali du gutuna Almeriako Tabernaseko desertutik. 29 urte geroago, kideek gutuna irakurri eta, oroitzapenetatik eta dokumentu historikoetatik abiatuta, nostalgiaz hitz egiten duten garaia gogoratzen dute. Beste hutsunea, umorezko tonuan, Fermin Muguruzarena da, "garai batetik oraindik irauten duen sinboloa, eszenatokitik hainbat mezu bidaltzen baitzaizkio proiektuan parte hartzera gonbidatuz". 

Oholtzan panpinak agertuko dira, indiarrak eta cowboy-ak, denak gizonak, eszenatokian banatuta. Kamera batek aktoreek oholtzan birsortzen dituzten eszenak proiektatuko ditu pantailan. Hainbat elementu biltzen dira obran beraz: bideoak, soinua, zuzeneko musika, audioak edo hiru aktoreek agertoki gainean errezitatzen duten testua, besteak beste. Euskal herriari buruzko dokumental yankiak, Mendebaldeko filmen zatiak, eta La Polla Records, Eskorbuto, Parabellun, Las Vulpess, R.I.P. eta Mocedades-en zenbait dokumentu erakutsiko dituzte. Beste hainbat osagai historiko eta bizipen ere baditu obrak: demokraziaren etorrera, hiru koloreko telebistatik technicolorrera igarotzea, etxeetan ezkutatutako ikurrinak, heroina, NATOren aurkako manifestazioak, Lemoizko zentral nuklearraren aurkako eta Bardeako tiro eremuaren aurkako mobilizazioak, Gladys del Estalen eta Yoyesen hilketa, abortuaren aurkako lehen sumarioa, etab. Era berean, edozein belaunalditan ematen diren esperientzia eta oroitzapenak ere erretratatzen ditu, hala nola lehen kontzertua, lehen garagardoa edo kontzientzia politikoa piztea. Gazteen langabezia-tasa ere bada gaitegian. 

Gorrotxategiz gain, Aritza Rodriguez eta Marta Alvarez del Valle arituko dira aktore lanetan. Mierda de ciudad antzezlaneko musika Joseba B. Lenoirrek egin du, aurrez Gorrotxategirekin Galder Perezen Lurrun minez obran lan egindakoa.

Estreinaldiaren emanaldia 20: 00etan izango da eta hemen eskura daitezke sarrerak.