Euskal reggaea, loratzen

Euskal reggaea, loratzen https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-reggaea-loratzen/@@download/image/reagee_1401783476.jpg
2014/06/04
erreportajea
Testua: Saioa Baleztena
80ko hamarkadaren lehen erdian iritsi zen reggae kultura lehendabizikoz Euskal Herrira, Jamaikan sortu eta bi hamarkada geroago. Euskal musika estiloen artean, historikoki itzalean egon den arren, azken urteetan nabarmen hazi da.


Afrikako musika tradizionalaren, jazzaren eta rhythm and blues musikaren eragina duen arren, ska eta rocksteady generoen garapenaren emaitza da reggaea, 60ko hamarkadan Jamaikan jaio zen genero musikala. Karibeko uhartean sendotu ondoren, 70eko hamarkadan Ingalaterrara egin zuen jauzi; izan ere, bertako skinheadek Bob & Marcia biko jamaikar ospetsuaren Young, Gifted and Black –Gazte, dohaidun eta beltza– abestia egokitu zuten, Young, Gifted and White –Gazte, dohaidun eta zuria– bilakatuz. Orduan abiatu zuten Reggaearen Guda Erraldoia izenaz ezagutzen den mugimendua, reggaea nazioartera hedatzen lagundu zuena.
Euskal Herrira, ordea, ez zen 80ko hamarkadara arte iritsi. Lehendabiziko taldeen artean azpimarragarria da, besteak beste, Potato. 1984an eskaini zuten lehen kontzertua Landazurin, eta 1988an kaleratu zuten Punki Reggae Party izeneko lehen bilduma. Konturatu gabe, orduan erein zuten pixkanaka sendotzen joango zen musika generoaren lehen euskal hazia.
Hala, XXI. mendera arte itzalean egon arren, azken bi hamarkadetan hamaika egitasmo sortu dira reggaearen inguruan. Hasieran Bizkaian nagusitu baziren ere, azken urteetan geroz eta gehiago dira Jamaikako sustraiak ardatz dituzten musika jaialdiak. Armintzako Txapel Reggae da beteranoena, baina aipatutako loraldiaren adibide argiak dira, era berean, Reggae Warriors eta Txin’Goody Paradise jaialdiak. Reggaeak merezi duen tokia eskuratu dezan, halaber, lanean ari dira Revolutionary Brothers eta Tacumah gipuzkoarrak. Euskal reggaea sustatzeko helburuarekin musikaz haratagoko urratsa eman, eta IndaGlory eta Tacumah elkarteak sortu dituzte.

Revolutionary Brothers: "Hemen egiten duguna lau haizetara zabaldu nahi dugu"



2002an Revolutionary Brothers izenpean ezagutu genituen Unai eta Iker Martinez anaia donostiarrak. Musika taldearekin nahikoa ez, eta duela bost urte lanean hasi ziren egun martxan diren IndaGlory elkartea, estudioa eta zigilua sortzeko.


Hamabi urteko ibilbidearen ondotik aro berria hasi duzue.
Musika jamaikarrarekiko dugun maitasunak bultzatuta egin dugun eboluzio naturalaren emaitza da IndaGlory. Guk geuk egiten ez badugu, nork egingo du bestela? Pozik gaude, pixkanaka gauzak aurrera doaz eta emaitzak agerian daude.

Anaiak zarete, baina, noiz eta nola hasi zineten elkarrekin konposatzen?
Etxean bertan, musikaz inguratuta hazi baikara. Bob Marleyren Natural Mystic abestiak esnatu gintuen, eta musikak harrapatuta bizi gara ordutik. Pixkanaka egin dugu ibilbidea, eta bidean musikari eta abeslari trebeekin lan egiteko aukera izan dugu.

Uneotan Basque Times Riddim biran murgilduta zaudete. Zein da izenaren jatorria?
Arrazoi argi batengatik izendatu dugu horrela: Hard Times abestia oinarri hartu, gurera ekarri, eta Basque Times hitz jokoa egin nahi izan dugu.

Edukiarekin bezala, euskarriarekin ere, omenaldia egin diozue odolean daramazuen generoari.
Euskal eta jamaikar sound system kulturen arteko nahasketak irudikatu ditugu, diseinuan argi ikusten den moduan. Biniloa izan zen guk etxean ikusi genuen lehen euskarria, eta binilozale amorratuak garen heinean, argi genuen huraxe erabili behar genuela.

Guztira hiru lan kaleratuko dituzue aurten.
Urtarrilean kaleratu genuen lehen biniloa eta maiatzean bigarrena. Hilabete honetan, aldiz, CDak ikusiko du argia. Reggaean ohikoa den bezala, guztietan erritmo eta doinu bera erabili dugu, eta abeslari eta artista bakoitzak bere bertsio propioa egin du.

Oker ez banago, Europako musikari ezagunek zapaldu dute zuen estudioa.
Azken bi urteetan musikari asko pasa dira IndaGlory estudiotik. Gure lan berrian General Levy, Marina P, Tenor Fly eta Brother Cultur musikariek parte hartu dute, eta horiez gain, Skarra Mucci, Chezidek eta Spectacular jamaikarrak izan ditugu gurean.

Zalantzarik gabe, Euskal Herriaren erakusleiho berri bat zabaldu duzue.
Hemen egiten duguna lau haizetara zabaldu nahi dugu, eta nazioarteko musikariekin lan egitea abantaila da, eurek hemen egiten duten lana eramaten baitute beste lekuetara.

Tacumah: "Disko berrian Tacumahren ibilbidea marraztu dugu"



Reggaea gustuko zuen lagunartearen topagune gisa jaio zen Tacumah 2008an, Donostiako Amara auzoko lokal txiki batean. Sei urteko ibilbidearen ostean
kaleratuko dute lehendabiziko bilduma


Hasi zinetenetik zenbat aldatu da taldea?
Hamar musikari gara, eta hain talde handia mantentzea zaila den arren, ondo kudeatu dugu. Pentsa, noiz edo noiz hamahiru izatera iritsi gara! Jendearen joan-etorriek abestiak berrantolatzera eraman gaituzte, baina nortasuna ez dugu aldatu: roots reggaea jotzeko asmoz sortu ginen eta berdin jarraitzen dugu.

Zer aurkituko du entzuleak zuen lehendabiziko diskoan?
Reggaearen 70eko eta 80ko hamarkadetan oinarritutako abestiak eta dub bertsioak. Guztira sei abesti bildu ditugu, bi euskaraz eta lau ingelesez. Disko berrian Tacumahren ibilbidea marraztu dugu.

Zergatik aukeratu zenuten Santanderreko A-Lone Ark Muzik estudioa?
Roberto Sánchez teknikari eta musikariak daramalako. Europako reggae ekoizleen artean gorenean dago, eta aurretik berarekin lan egin izan dugu TruthTown zigilurako; primerako emaitza lortu genuen. Bere profesionaltasunak eta estudiotik ateratzen den soinuak guztiz konbentzitu gintuzten.

Estudioan izandako esperientzia errepikatuko al duzue?
Dudarik gabe. Hala ere, hurrengoan grabatzeko estiloa aldatuko dugu. Taldeko kide batzuk berriak direnez, kaleratzear dugun diskoa pistaz pista grabatu dugu. Hurrengo lanean, aldiz, martxa hartua izango dugunez, Jamaikan 70eko hamarkadan egiten zutena egin nahiko genuke: guztiok batera eta bobinetan grabatu.

Tacumah taldea baino gehiago da, 2012an sortu baitzenuten Tacumah elkartea.
Gure xedea Euskal Herri zabalean reggae musika eta jamaikar kultura zabaltzea izanik, bertako reggae panoramari bultzadatxo bat emateko sortu genuen elkartea. Webgunean euskal reggaearen gaurkotasuna biltzen dugu, eta jaialdiak antolatzen ditugu.

Aurrerantzean zein dira taldearen erronka nagusiak?
Batetik, Euskal Herritik kanpo gehiago jo nahi dugu, eta bestetik, disko edo single bat biniloan kaleratzea gustatuko litzaiguke.