Euskal Podcasting jardunaldiak egingo dituzte bihar, Bilbon
EuskalPod, 2018tik, euskal podcasting komunitatea biltzen duen ekitaldia da. Sortzaile independenteengan jartzen dute arreta, tokiko komunitatearekin eta bertako entzule eta jarraitzaileekin harremanetan jartzeko asmoz. Hitzordua bihar, larunbata, izango da, Bilboko Konekta-La Perreran. Hainbat gairi buruzko elkarrizketak eta eztabaidak izango dira.
Eguna hasteko, 11:00etatik aurrera, Charlas con Aita izango da eta bertan, Roberto Ruisanchezek eta bere seme Ibaik filmei, jokoei eta bestelakoei buruz hitz egingo dute. Jarraian, 12:00etan, 4Players Podcast izango da, bideojokoen munduko albiste garrantzitsuenak umorez eta sakontasunez aztertzen dituen programa "dinamiko eta dibertigarria". Analisia, atalak eta, batez ere, umore asko izango ditu osagai.
Zigor Vallejok eta Oihan Iturbidek A Micro Descubierto + Yonki eskainiko dute 13:00etan, eta Unai Garma bilbotar gaztearekin hitz egingo dute, ludopatiaz, adikzio hori gainditzeko moduez, eta, batez ere, adikzioan erori ondoren bizimodu osasungarria nola eraman.
Arratsaldean, 16:00etan, Iker Casaresek, Cambiando de Tema saioan, Ruben Fernandez Aguirre pianista elkarrizketatuko du. Ondoren, Tracking Bilbao Podcast Lehiaketaren hirugarren edizioa aurkeztuko dute. Lehiaketa Caóstica Elkarteak antolatzen du, Tracking Industry ekimenaren barruan. Maketo Irratia 17:05ean hasiko da. 2021ean sortutako euskerazko podcast honek Interneteko pop kultura eta elkarrizketak nahasten ditu.
Arratsaldeko 18:00etan, Libertad Daganzok eta Ainara Goitiandiak Sorginkeria Irratia saioa egingo dute. Feminismoa, dibulgazio kulturala eta umorea dira saioaren ardatza.
Azkenik, 19:00etan, Andrea Fernández eta Gonzalo Curiosum Tremens saioan izango dira berriro.
