Euskal Pod jardunaldien hirugarren edizioa egingo dute bihar Bilbon

Euskal Podcast Euskadiko Podcasting Elkarteak eta EuskoNet elkarteak antolatu dute EuskalPod 2023ren edizio hau, pandemiaren eraginez hiru urtez geldirik egon ondoren. Jardunaldi honen helburu nagusia podcastaren kontsumoa sustatzea da, sortzaileek eta entzuleek elkar ezagutzeko eta hedabidearekiko duten grina partekatzeko gune bat eskaintzea. Gainera, tokiko podcastaren ekoizpena ezagutaraztea ere bada asmoa.
Bilborock aretoan izango da, goizeko hamarretan hasi eta arratsaldeko zortziak bitarte. Hitzaldiak, mahai inguruak eta zuzeneko podcastak izango dira egitarauaren barruan.
Inaugurazioaren eta Ivoox saioaren ondoren, La Biblioteca perdida podcasta egingo dute zuzenean eta eguerdiko hamabietan, berriz, Benetan zabiz? podcasta jarraitu ahalko da zuzenean.
Eguerdiko ordu batean irratiaren eta podcastaren arteko gatazka amaitu ote den eztabaidatuko dute mahai-inguruan, eta podcast eta bideojokoen inguruko hizketaldia izango da ostean.
Podcast eta sari banaketa egingo dute bostak aldera, eta Cuatro Picas podcasta egingo dute zuzenean, Los mejores derbis del mundo izenburupean. Azkenik, zazpietan, ¡A la Velocidad Absurda! podcastaren La peor pelicula de tu vida atala entzun ahal izango da zuzenean.