Euskal musikagintzaren azken kantu eta bideoak
MUZAK - GEZUR MILA
MUZAK talde gipuzkoarrak Gezur Mila' bideoklip berria aurkeztu du. Bideoklipa Soraluzeko herri antzokian grabatu dute oso-osorik, eta kantuak sare sozialek pertsonengan duten eragina du gai. "Bideoklipak sare sozialekiko dugun mendekotasunaz hitz egiten du. Besteekiko dugun irudi artifizialari buruz. Gaur egun 'postureo' bezala ezagun egin dena gehienek ingurune digital horietan praktikatzen dutena da. Gainera, asko jabetzen gara horretaz, baina aldekoak ere bagara. Abestiaren izenburuak erakusten duena da erreala izateak ez duela inporta, ondo saldu edo birala izan daitekeen zerbait izateak baizik", azaldu dute taldekoek.
SARA ZOZAYA FT. BENGO - MAITIA
Sara Zozayak urriaren 20an kaleratuko du Nara diskoa, eta Bengorekin batera egin duen hau da hirugarren aurrerapen kantua. Diskoak hamar abesti izango ditu eta lau kolaborazio. Lehen aurkezpen kontzertua azaroaren 2an emango du Bilbon.
BULEGO - ZURE BEGI HORIEK
Bulego taldearen kantu berri honetan eremu pertsonal edo intimistagoan murgildu dira, osasun mentalaz hitz egiteko eta "gure inguruko gauza onak aintzat hartzearen garrantzia gogorarazteko". Tomas Lizarazuren hitzetan, "abesti hau sormen-blokeo betean jaio zen, une horretan dena beltz ikusten nuen. Nire alaba jaioberriaren irribarrea ikusteak errealitate dosi bat eskaini zidan, gauzak argi berri batekin ikusarazi zizkidan". Abestia abenduaren 4an kaleratuko den Aldatu Aurretik disko berriko lehen aurrerapena da.
IZARO - X ETA BESTEAK
Izaro indartsu eta esateko askorekin dator, behingoz zauriak sendatzeko asmoz. Aldarrikatzeko asko du X eta besteak kantuan; baztertua, seinalatua zein iraindua izan zen momentu horien inguruan ari da eta norbera ondo egoteko babes eremua eraikitzeaz. Abenduaren 8an kaleratuko du disko berria, cerodenero izenekoa. Urtarriletik aurrera, diskoaren aurkezpen bira egingo du musikariak.
BELE- BERUNA URRE
Liher taldeko Lide Hernandok bakarkako ibilbideari ekin dio Bele izenarekin, bestelako soinuen bila. Zerua irabazi kantua kaleratu zuen lehendabizi, eta orain dela gutxi zabaldu du bigarren abesti hau. Hala abestu du leloan: "Emaidazu zilarra, beruna urre bilakatuko dizut horrekin. Beti eskamak kentzen".
IRAIA - GUREA DENA
Iraia Cambra Herreroren (Villabona, 2003) bakarkako proiektua da honakoa, ahots melodikoan eta gitarran oinarriturikoa. "Batasuna indartuz elkar maitatzea, malkoa kendu eta irrifarra bihurtzea" kantatzen du abestian villabonar musikari gazteak.
ANONYME POPULAR - BI BIDE
Igor Elortza bertsolaria, Rafa Rueda musikaria eta Dinamoa sormen guneko bideogileak batzen dituen proposamen artistikoa da Anonyme Popular. Iaz kaleratu zuten izen bereko disko-liburua, eta udazkenean birako kontzertuak dituzte. Kantu hau Igor Elortza Gu ta Gutarrak-en taldeko kide izan zenean sortutakoaren moldaketa da, irudiez lagunduta.
NEOMAK - AIOAI
Neomak taldea plazaz plaza dabil doinu tradizionalak eta garaikideak uztartuz. Harremanetan izan beharreko arduraz ari dira kantuan: "Egia zaintza denez, zalantzan eta plazerean, hitza da baldintza ai, oi , ai".
NOGEN FT. DAVID RUIZ (LA M.O.D.A.) - ABENDUA
Nogen taldearen azken aurrerapen kantak denok bizi ditugun momentu zailen inguruan hitz egiten du, zeinen urruna dirudien irteerak, guztia gaizki dagoela dirudienean, eta, aldiz, zeinen gertu dagoen askotan, norbera izanik gatazka eta giltzarri. La M.O.D.A. taldeko Nacho Mur eta David Ruizekin elkarlanean sortu dute. Azaroaren 3an argitaratuko dute Åben Cirkel izeneko disko berria.
WILLIS DRUMMOND - STOCKHOLMEN
Hala ere diskoko laugarren singlea da hau. Irudi guztiak martxoan emandako Gure Tokiak Tour II birako asteburu bakar batean grabatuak izan dira. Bira amaieran dabiltza orain, eta ia 60 kontzertu emanak dituzte.
