Euskal mitologiaren pertsonaia nagusiekin osatutako erakusketa jarri du Bilboko Fant jaialdiak
Maiatzaren 5etik 13ra izango da Bilboko FANT Zinemaldi Fantastikoa, baina aurrez Mitologika izeneko erakusketa antolatu du Barrainkuako Udaltegian.
Raquel Alzate da erakusketaren sortzaile eta ilustratzailea eta bertan euskal mitologiako pertsonaia nagusien irudiak ikus daitezke: Zugarramurdiko sorginak, Mari jainkosa, Gaueko, Jentilak eta Basajaun, jainko, deabru, iratxo eta erraldoiak... Antolatzaileen hitzetan, "antzinako izaki mitologikoei buruzko ikuspegi irudimentsu eta garaikidea ematen du".
Gainera, Irati filmeko Paul Urkijo zuzendariaren eta Nerea Torrijos jantzien disenatzailearen ilustrazioak eta zirriborroak ere badira erakusketan.

Raquel Alzate (Barakaldo, 1972) Arte Ederretan lizentziatua da eta euskal mitologiari buruzko bi ilustrazio liburu argitaratu ditu, Astiberriko Mitologika sailean. Komiki aldizkarietan kolaboratzen du eta hainbat album kolektibotan hartu du parte.

Erakusketa doakoa da eta 8:30etik 21:30era bisitatu ahal izango da maiatzaren 12ra arte.
Mitologiaren lotutako beste erakusketak
Deustuko Liburutegiak Mitologia, sorginak eta magia erakusketa hartuko du apirilaren 17tik maiatzaren 13ra bitartean, eta hainbat material bilduko da bertan, hala nola liburuak, komikiak, filmak eta CDak. Begoñako Liburutegian, berriz, Sugaar eta munduko dragoiak (Kobazuloetatik liburutegietara) erakusketa izango da, maiatzaren 5etik 25era, dragoiek literaturan, komikian, zinean eta musikan utzitako arrastoen inguruan.
