"Euskal kultura guztion eskura jartzea da gure lehentasuna"

"Euskal kultura guztion eskura jartzea da gure lehentasuna" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-kultura-guztion-eskura-jartzea-da-gure-lehentasuna/@@download/image/eh_sona_1411733996.jpg
2014/10/06
elkarrizketa
Argazkiak: Jordi Borràs. Testua: Saioa Baleztena @SaioB
Euskaldun asko bezala, Bartzelonara ikastera joan eta bertan gelditu zen
Ekaitz Garate (Ordizia, 1977). 2006tik Bartzelonako Euskal Etxeko kultura teknikaria da, eta dagoeneko Euskal Herritik kanpoko euskal musika jaialdien erreferente bilakatu den EH Sona-ren harira elkarrizketatu dugu.


Hilabete amaieran abiatuko da EH Sona eta aurkezpen berezia egin duzue aurten.
Jaialdiaren bitartez euskal musika Bartzelonan zabaltzen hasi ginenetik hamazazpi urte pasa dira, eta Vic-eko Mercat de la Música Viva jaialdi ezagunaren mailako jaialdi batean aurkezten dugun lehen aldia izan da. Emaitzarekin oso pozik gaude, erakuslehio interesgarria baitzen guretzat.

Zein duzue aurtengo helburu nagusia?
Azken urteetan eman ditugun urratsak sendotzea da aurtengo jomuga. Hau da, Bartzelonako hainbat aretotan euskal musikaren aniztasuna hedatzea eta, era berean, Euskal Etxean ere proposamen bereziak antolatzea. Programazioan azpimarratzen ditugun talde eta bakarlariez gain, azken urteotan hain arrakastatsua izaten ari den EH Sona lehiaketa ere martxan dugu.

Zein izango da aurtengo saria?
EH Sonan sekula jo ez duten euskaraz abesten duten taldeek Zea Maysekin Razzmatazz areto ezagunean jotzeko aukera lehiatuko dute. Aurten, berezitasun gisa, gainera, epaimahaia Kataluniako musikariek osatuko dute!

Berrikuntza gehiago ere izango ditu aurtengo edizioak...
Lehiaketaren hobekuntzaz aparte, EH Sona Txikia saila sortu dugu. Azken edizioetan konturatu ginen familia eta haurrei bideratutako espazioak falta zirela, eta aurten sail berezia antolatu nahi izan dugu, txikienak ere euskal musikara gerturatzeko asmoz.

Zein izan da jaialdiaren garapena azken hamazazpi urte hauetan?
EH Sonak hasieratik izan zuen kalitatezko musika jaialdiaren zigilua, baina, noski, garapena handia izan da. Azken urteetan irekiera nabarmena egin dugu, bai estilo aldetik, ahalik eta musika estilo gehien biltzeko, eta baita espazio aldetik ere, Euskal Etxea eta euskal musika Bartzelona osoan barreiatuz.

Zein izaten da programazioa aukeratzeko erabiltzen duzuen irizpide nagusia?
Irizpide ugari ditugu baina, batez ere, oreka bilatzen dugu zentzu guztietan. Estilo aniztasuna eskaintzeko ahalegina egiten dugu eta Bartzelonan sekula egon ez diren euskal taldeei ateak irekitzea da gure erronka.

Zenbateraino eragin du krisiak Bartzelonako Euskal Etxean?
Krisian murgilduta dagoen gizarte honetan eta kulturaren arloan lan egiten dugun heinean nabarmen zigortu gaitu krisiak. Horregatik, euskal kultura guztion eskura jartzea da gure lehentasuna, eta horretan dihardugu. Prezioak ahalik eta gehien jaitsi ditugu eta doako ekimenen aldeko apostua egiten dugu.

Oztopoak oztopo, aurreko ikasturtean, salto handia eman zenuten zinemaldiaren harira.
Aspalditik egin nahi genuen urratsa eman genuen iaz, eta zalantzarik gabe jendearen laguntzari esker lortu genuen. Mikromezenasgo kanpaina bat abiatu genuen, eta jendearen aldetik jaso genuen erantzunarekin harrituta gelditu ginen. Jendeak egitasmoan sinesten zuela ikusi genuen, eta pozgarria izan zen gure erronkak babesa zuela ikustea.

Zinemaldiaz eta EH Sonaz aparte, zein izango dira ikasturte honetako ekimen garrantzitsuenak?

Urtero legez, ikasturtearen baitan hainbat ziklo eta jaialdi antolatu ditugu. Berrikuntza gisa, urriko bigarren asteburuan euskal kulturaren asteburua antolatu dugu Bartzelonako Poble Espanyol azpiegituran. Kataluniako hirugarren tokirik bisitatuena da, eta bertan euskal kulturaren erakusleiho diren hainbat ekimen antolatzen ari gara: herri kirolak, zinema, dantzak eta gastronomia azoka bat, besteak beste.

Amaitzeko, zein da aurrerantzean zuen erronka nagusia?
Orain arteko lorpenak mantentzea eta era berean, jendearen parte-hartzea handitu nahi dugu euskal kultura ahalik eta gehien zabaltzeko asmoz.

EH Sona


Urriak 24, ostirala
Lou Topet (20:00, Passeig del Born).

Urriak 25, larunbata
Revolutionary Brothers (20:00, Euskal Etxea).

Azaroak 1, larunbata
Mursego (20:00, Euskal Etxea).

Azaroak 2, igandea

Bide Ertzean (20:30, Harlem Jazz Club).

Azaroak 7, ostirala
Murtxikontrapàs. (21:00 Centre Artesà Tradicionàrius).

Azaroak 8, larunbata
Tania de Sousa (20:00, Euskal Etxea).

Azaroak 14, ostirala
Kashbad (20:30, Razzmatazz 3).

Azaroak 15, larunbata
Eñaut Elorrieta. (21:00, Cenre Artesà Tradicionàrius).

Azaroak 21, ostirala
Zea Mays (20:30, Razzmatazz 2).

Azaroak 29, larunbata
Eratu + Su Ta Gar (20:00, Razzmatazz 2).

Abenduak 6, larunbata
Ainara LeGardon (20:00, Apolo 2).