Euskal kantagintzari buruzko 'Kanterri' ikastaroa antolatu dute Oiartzunen

Euskal kantagintzari buruzko 'Kanterri' ikastaroa antolatu dute Oiartzunen Anari Alberdi, Itxaro Borda eta Jon Maia izango dira hizlari, besteak beste, uztaileko bi eguneko ikastaroan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-kantagintzari-buruzko-kanterri-ikastaroa-antolatu-dute-oiartzunen/@@download/image/1200-1653560174-IMG-20220523-WA0003.jpg
2022/05/31

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Anari Alberdi, Itxaro Borda eta Jon Maia izango dira hizlari, besteak beste, uztaileko bi eguneko ikastaroan.
Euskal kantagintzari buruzko 'Kanterri' ikastaroa antolatu dute Oiartzunen

Euskal kantagintzari buruzko Kanterri, euskaraz kantatzen duen herria ikastaroa egingo dute lehenengoz Oiartzungo Udalak, KantagiLtzak eta Ahotseneak elkarlanean. Uztailaren 11n eta 12an izango da, goizez eta arratsaldez, musikari, letragile, hezitzaile zein kulturzaleei zuzenduta. Musikagintza eta letragintzarekin lotutako euskal erreferenteak izango dira hizlari: Anari Alberdi, Itxaro Borda, Imanol Epelde, Fermin Etxegoien, Jon Maia eta Ihintza Orbegozo.

Lehen egunean, Fermin Etxegoien idazle eta kazetariak Belarrezko katedralak. XX.mendeko kantagintzaz hitzaldia emango du, 09:30etik 11:30era. Jarraian, 12:00etatik 14:00etara, Anari Alberdi musikariak Zer, zergatik eta zertarako kantatu? gaiaren inguruan solas egingo du. Hasierako eguneko jardunari Itxaro Borda idazleak emango dio amaiera, 15:30etik 18:30era, Nondik eta nola idatzi kantaletrak? Erran eta egin saioarekin.

Bigarren eguneko lehen hitzaldia Ihintza Orbegozo musika kritikariak eskainiko du, Haize zaharrak eta berriak. XXI. mendeko kantagintza. Lehen 20 urteak izenburupean. Imanol Epelde irakaslea arituko da hurrena, eguerdiko hamabietatik aurrera, Kanta dezagun bizitza (ikasgeletan ere). Edo nola lortu curriculum-dekretu bat sormenarentzat gaiaren inguruan. Azkenik, arratsaldean, Jon Maia bertsolari eta kantariak Zergatik gara kantu bat?  gaiaren bueltan hitz egingo du.

Euskarazko kantagintza aztertu, ikertu, hausnartu eta sustatzea du helburu ikastaroak: euskarazko kantagintzaren ekarpen historikoaz hausnartzea, letrak euskaraz sortzen trebatzen laguntzea, euskarazko kantagintzaren transmisiorako baliabideak ematea, eta euskaraz kantatzeko grina trasmititzeko bideetan sakontzea.

Izen-ematea ekainaren 24ra arte
Kanterri ikastarorako izen-ematea ekainaren 24ra arte egongo da zabalik. Ikastaroaren prezioa 40 eurokoa da (Berrialagun eta soldatagabeentzat 35 euro). Egun bakarrean parte hartzeko aukera ere izango da, 25 euroren truke. Ikastaroari buruzko argibide gehiago nahi izanez gero, 943 49 10 34 telefono zenbakira deitu edo kantagiltza@gmail.com helbide elektronikora idatz daiteke.