Euskal Ikasleen Orkestra Txikiak kontzertuak emango ditu Gasteizen, Bilbon eta Donostian

Euskal Ikasleen Orkestra Txikiak kontzertuak emango ditu Gasteizen, Bilbon eta Donostian Ehun musikariak entseguak egiten ari dira egunotan Bilbon. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-ikasleen-orkestra-txikiak-kontzertuak-emango-ditu-gasteizen-bilbon-eta-donostian/@@download/image/directora.jpg
2023/06/26
Ehun musikariak entseguak egiten ari dira egunotan Bilbon.
Euskal Ikasleen Orkestra Txikiak kontzertuak emango ditu Gasteizen, Bilbon eta Donostian

Euskal Ikasleen Orkestra Txikia osatzen duten bederatzi eta hamalau urte arteko ehun musikarik entseguak hasi dituzte Bilbon, Gasteizen eta Donostian eskainiko dituzten kontzertuak prestatzeko. Pasa den asteburuan hasita, astebete igaroko dute Bilbon, entseguak egiten, goizez eta arratsaldez. 

Raffaela Acella musika zuzendari australiarraren zuzendaritzapean arituko dira musikariak, eta honako obra hauek interpretatuko dituzte: Georges Bizeten Carmen, Astor Piazzolaren Libertango eta Alberto Ginasteraren Danza final.

Hiru emanaldi egingo dituzte guztira, EAEko hiriburuetan: ekainaren 29an, Bilboko Juan Crisostomo Arriaga kontserbatorioan arituko dira, ekainaren 30ean Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan, eta uztailaren 1ean Donostiako Musikene egoitzan. Kontzertu horietarako sarrera doakoa izango da.

Aurtengo orkestraren hautaketa prozesuan inoiz baino parte-hartze handiagoa izan dela jakinarazi dute. Bederatzi eta hamalau urte bitarteko 300 ikasle baino gehiago aurkeztu ziren otsailean Bilboko, Donostiako eta Gasteizko kontserbatorioetan egin ziren probetara, eta horietatik 100 aukeratu zituzten.