Euskal Herritik mundura, bagoaz korrika

Euskal Herritik mundura, bagoaz korrika https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-herritik-mundura-bagoaz-korrika/@@download/image/korrika_nagusia_1361455263.jpg
2013/03/04
erreportajea
Testua: Saioa Baleztena, Argazkiak: Aek Korrika
Martxoaren 14tik 24ra bitarte, Andoaindik Baionara, Euskal Herria zeharkatuko du Aek-k bi urtetik behin antolatzen duen martxak. 'Eman euskara elkarri' leloa kantari, bi mila kilometro baino gehiago eginen ditu lekukoak.


Arratsaldeko 16:30ean abiatuko da Andoaindik martxoko azken aurreko igandean, eta etenik gabeko 11 egunen ostean helduko da Baionara 18. Korrika. Euskararen aldeko lasterketa erraldoiak ikasleak omenduko ditu aurten, euskaraz alfabetatzen ari direnen ahaleginari esker "euskaraz elkarbizitzeko aukerak" sortzen ari direlako. Izan ere, horixe da Aek-koek edizio honetan bereziki azpimarratu eta zabaldu nahi duten mezua: euskara euskal herritarron elkarbizitzarako gakoa dela, elkarrekin bizitzeko, elkarri hitz egiteko, elkarri entzuteko, eta elkar ulertzeko tresna.

‘Eman euskara elkarri’ lelopean, hortaz, guztira 2.147 kilometro pasatxok borobilduko dute milaka euskaltzalerentzat hitzordu hunkigarri bezain borrokalaria bilakatu den Korrika. Baina, bideak lotura izanik eta urratsak oinarri, boluntario nekaezinen lanari esker, hamaika ekitaldi eta hitzordu izango dira datozen egunetan ibilbideak ukitzen dituen horietan ez ezik, gainontzeko herri eta auzoetan ere.

Dena den, beharbada, hasierakoa eta amaierakoa izaten dira beti unerik berezienak. Andoainen, esaterako, aspaldi jarri ziren martxan martxoaren 14an dena ongi joan dadin. Unai Baldak, bertako Korrika arduradunak, baikorki baloratu du esperientzia: "Oso kontentu nago jendearen erantzunarekin, Korrika Batzordearen barruan lantaldeak sortzeko aukera izan dugu, eta horrek asko erraztu du lana". Euskaltzaleen martxa handia abiatu aurretiko festa zirraragarria iragarri du Baldak.

Andoaindik Tolosaldera, Tolosaldetik Goierrira, Goierritik Nafarroara... ttipi-ttapa, ttipi-ttapa... euskal lurralde osoa  zeharkatuko dute euskarari bultzada eman nahi dioten jatorri eta adin guztietako milaka korrikalarik, eta Baionaraino eramanen dute lekukoa eta mezua, aurreneko egunean bezain indartsu. Lapurdiko hiriburuan ere hilabeteak daramatzate prestaketa lanetan buru-belarri. Azken egun honetan dena zuzen atera dadin ardura hartu du Christophe Daliak, eta Euskal Herriko bazter guztietatik jendea gerturatzeko gonbidapena luzatu du: "Aurreko edizioetan baino lan handiagoa izan da guretzat, azken jaiaren ardura izan dugulako, baina lan zama baino gehiago ohorea da horrelako ekitaldi bat antolatzea". 18. Korrika 12:30ak aldera bukatuko da Baionan, baina ez da hala gertatzen den lehendabiziko aldia, 2001ean, Fermin Muguruzak Big Beñat ezaguna abestu zuen urtean ere halaxe izan baitzen. Esperientzia hura goxoki oroitzen du Christophek, parte hartu zuten guztiek bezalaxe: "Baionako karrikak beteko ditugu beste behin, eta egun paregabea izango da".

Pausoz pauso eta kilometroz kilometro, eskualde, herri, auzo eta kale bakoitzean ilusioz beterik itxarongo dute elkarte eta norbanakoek lasterketa. Bortziriei dagokionez, esate baterako, soilik Beratik pasako da –martxoaren 17an izanen da–, baina gainontzeko herriak ere batuko dira bezperarako prestatzen ari diren jaira. Halaxe azaldu digu Maider Senper-ek, Labiaga ikastolako irakaslea eta Bortzirietako Korrika Batzordeko kidea: "Inguruko kultura elkarteen partaidetzarekin batera, egitarau zabala antolatzen ari gara Lesakan martxoaren 16rako".

Hala ere, gauza jakina da euskaraz bizitzeko zailtasun handiena duten gune horietan izaten direla kilometrorik sentituenak; Nafarroa hegoaldea, Bizkaia mendebaldeko zenbait gune edota Gasteiz bezalako hiriburuak dira horietako batzuk. Azken honetan, esaterako, nabarmena izaten da euskaltzaleen inplikazioa eta, aurten ere, otsaila osoan zehar antolatu dituzte ekitaldiak, inauteri-gala, hitzaldiak, ginkanak... eta Musikaren Astea otsailaren 28tik martxoaren 3ra bitarte. Arabako hiriburuko Korrika koordinatzaileak, Jon Basagurenek, hori bera nabarmendu du:  "Oso pozik gaude, hainbat auzotan osatu dira batzordeak eta eskoletan ere sekulako borondatea erakutsi dute Korrika Txikia sustengatzeko. Unibertsitateko ikasleek ere badituzte ekimenak martxan, eta guk antolatu dugunaz haratago jendea ere mobilizatu da ekarpenak egiteko".

Ibilbidea, egunez egun


Martxoak 14
Andoain–Tolosa–Ordizia–Beasain–Ormaiztegi

Martxoak 15
Zerain–Altsasu–Lekunberri–Iruñea–Lizarra–Villatuerta

Martxoak 16
Zirauki–Agoitz–Donibane Garazi–Hazparne

Martxoak 17
Itsasu–Sara–Doneztebe–Elizondo–Erronkari–Burgi

Martxoak 18
Nabaskoze–Tafalla–Caparroso–Cintruenigo–Milagro

Martxoak 19

Azagra–Lodosa–Durango–Ermua–Soraluze–Azpeitia–Azkoitia

Martxoak 21
Bergara–Legazpi–Arrasate–Eskoriatza–Arantzazu–Larrabetzu–Bilbo–Basauri

Martxoak 22
Arrigorriaga–Okondo–Barakaldo–Plentzia–Bermeo–Mundaka–Gernika–Kortezubi

Martxoak 23
Ibarrangelu–Lekeitio–Markina–Ondarroa–Zumaia–Getaria–Usurbil–Astigarraga–Donostia–Pasai Antxo

Martxoak 24
Pasai San Pedro–Pasai Donibane–Oiartzun–Hondarribia–Donibane Lohitzune–Senpere–Miarritze–Baiona

Nola lagundu?


Zure herri edo auzoko antolaketa lanetan parte hartuz egin dezakezu ekarpena, edo ahal duzun neurrian eta eskura dituzun baliabideen bitartez Korrikaren berri ahalik eta gehien zabalduz. Bestela, beti duzu diruz laguntzeko aukera; 12 euroren truke Korrika Laguntzaile euskarria erosiz, baita material nahiz oroigarriak eskuratuz, herriz herri egiten ari diren diru-bilketetan zure alea utziz edota Euskadiko Kutxan zabaldu duten kontu korrontean nahi duzun kopurua sartuta.

Gazteok Korrika!



Korrika berari eta, bidenabar, euskarari bultzada emateko modurik zuzen eta naturalena, edozein kasutan, zapatilak jantzi, hankak apur bat astindu eta kilometro batzuk osatzea da. Gutako bakoitzak bere arrastoa utzi beharko luke bere herrian edo hurbileneko puntuan, baina, horrez gain, GAZTEZULOtik datorren martxoaren 24an Euskal Herriko bazter guztietatik hurbilduko diren gazteei luzatu nahi dizuegu Gazteon Kilometroan parte hartzeko deia. Eta, zer da Gazteon Kilometroa? Ba, denok batera, guk ere, gazteok, euskaraz bizi nahi dugula oihukatu eta aldarrikatzeko aukera paregabea.

Goizeko 11:00etan jarriko dugu hitzordua Baionako San Andres plazan, egun osoan zehar Gazte Gunea izango den horretan. Eta puntual agertzea komeni da, hurbiltzen diren aurreneko 150 lagunek ‘Gazteok Korrika!’ dioen kamiseta jasoko baitute opari. Korrika 12:00ak aldera helduko da guganaino, Enbata elektrotxarangaren doinuak dantzatuz itxarongo dugu! Iristen denean, lekukoa hartu eta gure kilometroa osatuko dugu gazteok elkarrekin, eta animatzen denak bukatu dezala ibilbide osoa, lau kilometro besterik ez baitira faltako Herriko Etxe pareko helmugarako.

Baionan bestak ez du etenik izanen eta, mezuaren irakurketaren ondotik, 14:00ak aldera hasiko dira kontzertuak GAZTEZULOk babestutako Gazte Gunean, San Andres plazan, hain zuzen. Esne Beltza –aurtengo abestia sortu dute–, Willis Drummond, Itziarren Semeak, Kalakan eta Danba igoko dira oholtza gainera. Galdu behar duzu?! Gogoratu: martxoaren 24an, goizeko 11:00etan, Baionako San Andres plazan, gazteok korrika!