Euskal Herriko zinemagileen hamahiru film labur lehiatuko dira Bilboko Fant zinemaldi fantastikoan
Gaur hasiko da FANT Zinemaldi Fantastikoaren 28. edizioa, eta 47 saio egingo dituzte maiatzaren 14ra bitarte. Edizio honetan proposamen "ezberdin, interesgarri eta beldurgarriak" izango direla iragarri dute antolatzaileek.
Fant Laburrean atalean Euskal Herriko errealizadoreek zuzendutako 13 film labur lehiatuko dira. Honako lan hauek izango dira bertan: David Perez Sañudoren Au Pair, Jon Lopez Martinen Calma, Xabi Vitoriaren El carné, Lander Castroren Carnivoro, Aitor Elorriagaren El cometa, Kevin Iglesias Rodriguez eta Pedro Riveroren Los dias que (nunca) fueron, Alaia Sedano Tobarren Haraindiko, Borja Cresporen Hikikomori, Xanti Rodriguezen Pasaia, Iñaki Reynaren Pleasewait, Amaia San Sebastianen Rewind, Jon Herreroren Spiricom, eta Nytia Lopezen Txoriak Txori.

Film laburrak gaur 19:30ean hasiko den FANTen Inaugurazio Galaren ondorengo saioan proiektatuko dira, Campos Eliseos Antzokian. Filmak jatorrizko bertsioan proiektatuko dituzte euskarazko azpitituluekin, eta online ere ikusi ahal izango dira Filmin plataforma digitaleko FANT atalean.
Horiek guztiak Film Labur Onenaren Saria (3.000 euro), Euskal Film Labur Onenaren Saria (2.000 euro) eta Publikoaren Saria (3.000 euro) irabazteko hautagaiak dira. Gainera, Euskal Aktoreen Batasunak Ohorezko Saria emango dio film labur hauetan Interpretaziorik Onenari.
Film labur eta luzeak
Aipatutako horiez gain, beste lan asko ikusteko aukera izango da jaialdiak irauten duen bitartean. Sail ofizialean hemezortzi film izango dira ikusgai, Espainiako Estatukoak zein nazioartekoak. Horietako bi estreinaldiak izango dira, Hego Koreako Midnight (Oh- Seung Kwon, 2021) eta AEB, Italia eta Txinako We are living things (Antonio Tibal, 2021). Sail honetako pelikulek Film Luze Onenaren FANT 2022 Saria (3.500 euro), Gidoi Onenaren Saria (Euskal Gidoilgileen Elkarteak emanak) eta Zuzendaritza Berritzaileenaren Saria (FAS Zineklubak emanak) irabazteko aukera dute.
Bestetik, film labur gehiago ere badira jaialdian. FANT en corto nazioarteko Sail Ofizialean parte hartzen duten film laburrak Azkuna Zentroko Auditorioan izango dira ikusgai bihar, larunbata, 19:50ean. Atal honetan honako tituluak parte hartuko dute: 665, Juan de Dios Garduño Cuencarena; Covid Love, Rene Nuijensena; Contretemps, Laurine Baille, Gabriel Gérard, Lise Légier, Chloé Maingé eta Claire Sunena; La Inquilina, Lucas Paulino eta Angel Torresena; Loop, Pablo Polledrirena; La Luz, Iago De Sotorena; Night Breakers, Gabriel Campoy eta Guillem Lafozena; Odotusaika, Juho Fossirena; In The Soil, Casper Kjeldsenena; Sintra III, Aitor Echeverría eta Iván Casajúsena; eta Unheimlich, Fabio Colonnarena. Ikuspegi Fantastikoaren sailean ere beste hamaika film labur izango dira, bihar erakutsiko dituztenak.
Lehiaketaz kanpoko filmak eta emanaldi bereziak ere izango dira. Egitarau osoa hemen kontsulta daiteke.

