Euskal Herriko Trikitixa Eguna izango da larunbatean Pasaian

Pasaia Musikalek eta Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Euskal Herriko Trikitixa Eguna antolatu dute larunbaterako. Ia 600 trikitilari elkartuko dira bertan eta, beraz, festa girorik ez da faltako. Hegoaldeko lau lurraldeetatik eta Lapurditik hogeita hemezortzi trikiti eskola edo talde joango dira.
Goizeko hamaika eta erdietan bilduko dira trikitilariak Pasaiako lau barrutietan. Eguerdiko hamabietan hasiko dira kalejirak eta, 13:00etan, kontzertuak izango dira: Nafarroako Trikidantz taldea Pasai Donibaneko Santiago plazan; Bizkaiko Korrontzi taldea Pasai Antxoko Gure Zumardia plazan; Gipuzkoako Iratzar taldea Pasai San Pedroko pilotalekuan; eta Lapurdiko Triki Blinders taldea Trintxerpeko Serafin Esnaola plazan.
Jarraian, 14:30ean, bazkari herrikoia egingo dute Trintxerpen. Otorduan 800 lagun inguru bilduko direla jakinarazi du Trikitixa Elkarteak. Arrratsaldeko seietan, berriz, kalejira erraldoia egingo dute Trintxerpeko kaleetan barrena eta, azkenik, familia argazkia aterako dute Gernika plazan.