Euskal Herriko Trikitixa Eguna, ekainaren 4an Iurretan eta Durangon

Euskal Herriko Trikitixa Eguna, ekainaren 4an Iurretan eta Durangon https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-herriko-trikitixa-eguna-ekainaren-4an-iurretan-eta-durangon/@@download/image/20115247659Trikitixa_Eguna.jpg
2012/12/13
berria
Euskal Herriko Trikitixa Eguna, ekainaren 4an Iurretan eta Durangon
Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak antolatuta egun osoko jaia izango da: kalejira lehenik, Tiliñori omenaldia Iurretako plazan, gero bazkaria Landakon eta, borobiltzeko, erromeria Gozategi taldearekin.

Euskal Herriko Trikitixa Egunaz gozatzeko aukera izango da ekainaren 4an –larunbata– Iurretan eta Durangon.
Egitarauko lehenengo hitzordua: goizeko 11:00etan Iurretan, bertako plazatik abiatuko baita kalejira Durangoko Alde Zaharreraino.
12:30ean, berriz ere Iurretako plazan, omenaldia egingo diote Jose Jabier Abasolo Tiliñori, galtza motxetan zebilenetik euskal kulturaren alde eta, batez ere, euskal dantzaren eta trikitixaren alde egindako lana eskertzeko. Bizkaiko trikitixari hauspo handia eman izan dio Tiliñok dozenaka urte hauetan eta, oraindik ere, trikitilari edadetuenei bisitan joateko ohiturari eusten dio.
Sabelak betetzeko, Landakon izango da bazkaria 14:30ean. 15 euro izango da baina, hori bai, ezinbestekoa da izena aldez aurretik ematea trikitixa@trikitixa.net helbidera idatzita edo 943 832828 telefono zenbakira hots eginda. Maiatzaren 26a da horretarako azken eguna.
Azkenik, festa borobiltzeko, erromeria izango da, Landakon baita ere, Gozategi taldearen eskutik. 17:30etatik aurrera, altsa bestoak eta… aire, aire!