Euskal Herriko Lehen Jardunaldi Lodiak antolatu dituzte

Euskal Herriko Lehen Jardunaldi Lodiak antolatu dituzte Gernikan elkartuko dira ostiraletik igandera, "Ezin kabitu!" lelopean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-herriko-lehen-jardunaldi-lodiak-antolatu-dituzte/@@download/image/80638gordofobiaacop.jpg
2022/09/07

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Ilustrazioa: Señora Milton

Gernikan elkartuko dira ostiraletik igandera, "Ezin kabitu!" lelopean.
Euskal Herriko Lehen Jardunaldi Lodiak antolatu dituzte

Antolatzaileen arabera, lodifobiak zeharkatutako gorputzen politikak aztertzea izango dute helburu jardunaldietan. "Hiru eguneko irla bat sortu nahi dugu Euskal Herri patriarkal eta lodifoboaren baitan elkarrekin egoteko. Pentsatzeko, jolasteko, tripak eta izterrak elkarri igurzteko, lasdaskan aritzeko, jateko eta konspiratzeko espazioa sortzera goaz", adierazi dute.

Jatunaldi lodiak, ezin kabitu! lelopean egingo dituzte jardunaldiak, eta leloaren nondik norakoa honela azaldu dute: "Ez garelako kabitzen osasun sistema nagusiek “osasuntsu” egoteko irizpidean, ez dugu lekurik ere gure jai alternatiboen bukaeretan ematen diren ligoteoetan. Ez gara kabitzen heteroarauan, ezta ere gure amak gurekiko dituen espektatibetan. Ez gara kabitzen treneko eserlekuetan, ezta ere gimnasioaren kultura nartzisistan eta are gutxiago subjektu politiko zilegiaren kategorian. Ez gara kabitzen familia eredu idealen etxeetako ate estuetatik. Ez gara kabitzen lanpostuen baldintza kapitalistetan edota ikusgarritasun publikoarekin zerikusia duten rol edo zereginetan. Bizi guztia arnasteko lekurik uzten ez diguten arauei lotuta eta kabitu ezinik. Euskal Herriko lodien asanblada honek argi dio: Ez dugu kabitu nahi!".

Ostiralean, hilak 9, abiatuko dituzte jardunaldiak, 18:00etatik aurrera. Askari handia izango dute lehendabizi, jatunaldien aurkezpena jarraian, eta bertso afaria Haizea Arana, Uxue Alkorta, eta Onintza Enbeita bertsolariekin eta Lierni Altuna gai-jartzailearekin. Ostean, Soy un poquito pringada eta Virrutasen kontzertuak izango dira.

Larunbat goizean tailerrak egingo dituzte, eta bazkalondoren bakarrizketa, mahai-ingurua, poteo bafle, afaria eta kontzertuak izango dira. Azkenik, igandean, tailerrak egingo dituzte eta bazkalondoren Zea Mays taldeko kide den Aiora Renteria izango da eurekin.