Euskal Herriko I. Errugbi Kopa, abuztuaren 3an Donostian

Euskal Herriko I. Errugbi Kopa, abuztuaren 3an Donostian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-herriko-i-errugbi-kopa-abuztuaren-3an-donostian/@@download/image/20127267332errugbi_1.jpg
2012/12/13
berria
Euskal Herria Kirola elkarteak antolaturik, aurtengoan lehen aldizko jokatuko dute Euskal Herriko Errugbi Kopa. Biarritz Olympique Pays Basque eta Aviron Bayonnais Rugby Pro taldeak abuztuaren 3an Donostiako Anoeta estadioan lehiatuko dira, iluntzeko 20:00etatik aurrera. Baina errugbi partida hutsetik haratago, euskal errugbiaren festa izango da.


Uztaritze, Bera Bera, Atletico SS, Hernani, Gernika, Zarautz, Gaztedi eta La Uniecako errugbi taldeek, partidarik jokatuko ez duten arren, egun osoko festa giroa alaitzen lagunduko dute, eta horretarako, Anoeta kanpo aldean beren txosna jarriko dute eguerditik aurrera.

Arratsaldean, gainera, musika animazioz beteko dira estadio inguruko eremuak, besteak beste, DJ Bull, Damba eta Xutik taldeak arituko baitira, eta azkenik, iluntzeko 20:00etan hasiko da partida.

Biarritz Olympique eta Aviron Bayonnais taldeetako jokalariak arituko dira nor baino nor kopa eskuratzekotan. GAZTEZULO, hain zuzen, talde bakoitzeko jokalari banarekin bildu zen joan zen hilabetean, Aretz Iginizekin eta Arnaud Heguyrekin, alegia. Uztaileko alean argitaratu genuen elkarrizketa osoa hemen irakur dezakezu.

Taldeen egutegi arazoak tarteko, aurtengoan soilik bi talde lehiatuko dira Euskal Herriko I. Errugbi Kopan. Datorren urtetik aurrera, ordea, egun hoberen sailkaturik dauden sei euskal taldeen artean jokatzeko asmoa azaldu dute antolatzaileek. Hala, piramide moduko bat osatu eta hainbat norgehiagokaren bidez osatuko litzateke txapelketa.

Sarrerak


Sarrerak salgai daude www.barrabarra.eu webgunean, Anoetako 6. leihatilan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, hainbat tabernetan, eta inguruko turismo bulegoetan. 10, 20, 30 eta 40 eurotako sarrerak eros daitezke.
Halaber, GAZTEZULOn bost sarrera bikoitz ditugu izena ematen duzuenon artean zozkatzeko. Ibili bizkor!