Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko Tene Mujika beka martxan

Tene Mujika hil zela 40 urte betetzen diren garaian, Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza zabaltzeko eta gure literatura aberasteko asmoz, XVI. Tene Mujika beka jarri dute abian Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak, 6.000 euroko dirulaguntza emango duena. Gure herriaren azken 60-70 urteetan izandako pertsona, talde, gertakari edo mugimenduren bati buruzko liburuak egiteko proiektuak aurkez litezke: biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak, ikerketak… Lanak jatorrizkoa eta euskaraz sortua izan beharko du, aurrez argitaratu nahiz saritu gabea.
Ez da fikziorik onartuko baina bai materialaren lanketa literarioa, eta dibulgazio-lanerako ikerketak ere egin daitezke, baina ez espezialistentzat bakarrik idatzitakoak. Testuaren kalitatea eta gaiaren interesa hartuko dituzte kontuan proiektuak aztertzerakoan.
Proiektuak abenduaren 9ra arte aurkeztu ahal izango dira artxiboa@deba.eus helbidean. Idazlearen curriculum laburra, idatzi nahi den lanaren azalpena eta 15-20 orrialde bitarteko lagina aurkeztu beharko dira. Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Elixabete Garmendiak osatutako epaimahaiak, jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2022ko urtarrila amaitu baino lehen. Irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du gehienez, idazlan amaitua antolatzaileei helarazteko. Elkar argitaletxeak argitaratuko du idazlana epaimahaikoek onespena ematen dutenetik sei hilabeteko epean.
Oinarriak hemen daude jasoak.
Hainbat ekitaldi udazkenean
Tene Mujika literatur sariaren eta historia hurbila ikertzeko bekaren lan irabazleekin erakusketa zabaldu dute Santa Maria elizako kalostran, urriaren 3ra arte. Bestetik, bihar 2019ko sariketako irabazlearen liburua aurkeztuko dute, Iñigo Lopez Simonen Bilboko etxola batean. Horretaz gain, arlo desberdinak jorratu zituen Tene Mujikak, eta horiek aintzat hartuta udazken eta neguan hainbat jarduera programatuko dira: antzerkia, ipuingintza, olerkia...
2020ko bekaren deialdian bi lan saritu zituen epaimahaiak. Horien aurkezpenak egingo dira 2022ko udaberri eta udazkenean. Jon Abrilen Ezkutatutako eskuak: emakume langileak gerra ondoko Euskal Herrian, batetik; eta bestetik, Erika Lagomaren eta Estitxu Fernandezen Amatasun feminista. Bi lanek dute lotura generoaren aldagaiarekin.