Euskal Herriko Gazte Orkestraren kontzertuak izango dira datozen egunotan
Euskal Herriko Gazte Orkestrak udako lau kontzertu antolatu ditu igandetik asteazkenera bitarte . Orkestra Ruben Gimenoren zuzendaritzapean arituko da, eta Ravel eta Dvorak musikarien piezak interpretatuko dituzte Hondarribian, Bilbon, Gasteizen eta Donostian.
Ravelen obra batekin abiatuko da egitaraua. "Orkestrazioa distiratsua duen Ma Mère l’Oye pianorako konposatutako haurrentzako pieza bilduma bat da. Musika hau sortzeko Ravelek erabilitako testuren fintasuna benetan txundigarria da", azaldu dute.
Bestetik, Dvoraken Zortzigarren sinfonia ere eskainiko da: "Maisutasunez orkestratua, bohemiar musika herrikoian oinarrituta dago. Dvorakek bere udako etxean sortu zuen obra hau. Izan ere, etxe horretan pentsamenduen jarioa askeagoa zen. Nahiz eta aldizkako eztanda dramatikoak agertzen diren, zortzigarren sinfonian euforia bukolikoaren tonua gailentzen da, bizirik egotearen poztasuna mirari naturalak ematen diren mundu batean".
Lehen kontzertua uztailaren 16an izango da, 19:00etan, Hondarribiako Itsas Etxea Auditoriumean. Hurrengo egunean, Bilboko Euskalduna jauregian arituko dira, 19:30ean. Uztailaren 18an, 19:30ean, Gasteizko Principal Antzokian izango dute kontzertua, eta azkenik, Donostiako Victoria Eugenian arituko dira datorren asteazkenean, 19:30ean.
