Euskal Herriko Gazte Orkestrak lau kontzertu eskainiko ditu
Euskal Herriko Gazte Orkestrak barrokoan oinarritutako egitaraua eskainiko du ohiko neguko biran, musika barrokoan espezializatua den Lina Tur Bonet biolinista entzutetsuaren eskutik. J.S. Bach, M. Locke, A. Vivaldi, A. Corelli eta A. Piazzolaren obrak interpretatuko dituzte datozen egunetan egingo dituzten lau emanaldietan. Urte berezia izan da taldearentzat, Musika Hamabostaldian, Otoño Soriano jaialdian eta Musikaste jaialdi garrantzitsuetan parte hartu baitu lehen aldiz, eta orain emanaldi berezi hauekin borobilduko du denboraldia.
Barroko errepertorioaren "partitura bikainenetan" inspiratu da egitaraua, eta kontraste moduan, Astor Piazzolla konpositore argentinarraren obra bat sartu dute, bere jaiotzaren mendeurrenaren harira. Egitarau honetan, gainera, EGOko hiru musikarik aurrerapauso bat emango dute eta erreferentziazko lekua izango dute kontzertuan, programa osatzen duten hiru obretan bakarlari lanak eginez. Anai Telletxea, Marina Manterola eta Maite Mancisidor izango dira, hain zuzen ere, jardun horretan arituko direnak.

Lina Tur Boneten presentziak ere berezitasuna erantsiko die emanaldiei. Ruben Gimeno EGOren zuzendari artistikoaren hitzetan, "Lina Tur Boneten lidergoa, interakzio lan sakona eta komunikazioa aurrera eramateko inspirazio iturri izango da, eta horrek, dudarik gabe, eragina izango du entzulerian". Lina Tur Bonet egungo biolinista interesgarri eta berritzailenetakotzat jotzen dute. Mundu zabaletik deitzen dute, konpositore ospetsuak nahiz ahaztutako obrak berreskuratzeko. Izan ere, 400 urte hartzen dituen errepertorio zabala du.
Neguko birako lehen emanaldia Tolosako Leidor aretoan egingo dute abenduaren 31n, 12:00etan. Urtarrilaren 2an Donostiako Victoria Eugenia Antzokian arituko dira, 19:00etan, eta urtarrilaren 3an Bilboko Euskalduna Jauregian, 20:00etan. Azkenik, urtarrilaren 4an, Gasteizko Principal Antzokian izango dira, 19:30ean.
OHARRA: Euskal Herriko Gazte Orkestrak bertan behera utzi ditu neguko birako kontzertuak, hainbat musikari koronabirusarekin kutsatu direlako.

