Euskal Herriko Gazte Orkestrak Kanarietako Orkestra Gaztea gonbidatu du urteurrena ospatu eta kontzertuak emateko
Euskal Herriko Gazte Orkestra (EGO) uda honetako jarduerak prestatzen ari da taldearen 25. urteurrena ospatzeko. Tartean, Kanariar Uharteetako Gazte Orkestra (JOCAN) gonbidatu dute. EGOk orkestra gazte bati harrera egiten dion lehen aldia izango da.
Euskal Herrira lehen aldiz etorriko den Kanariar Uharteetako Gazte Orkestrak bost kontzertu egingo ditu, Victor Pablo Perez zuzendari artistikoak gidatuta. Honako hauek izango dira hitzorduak: uztailaren 21ean, Gasteizko Principal Antzokian; hilaren 22an, Azkoitiako Baztartxo Antzokian; 24an, Bilboko Euskalduna Jauregian; 26an, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian; eta 27an, Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean.
Talde kanariarrak F. Mendelssohn-ek konposatutako 1. sinfonia-rekin hasiko du programa, eta P. I. Txaikovskiren Biolinerako kontzertua obrak osatuko du. Nemanja Radulovic izango da bakarlaria.
Elkarlanean ere bai
Kontzertu-sorta horren ondoren, EGO eta JOCAN taldeetako musikariak elkarrekin arituko dira Musikeneren egoitzan, bi taldeok uztailaren 5ean Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan emango duten kontzertua prestatzeko. Donostiako Orfeoiarekin eta Carmen Artaza donostiar mezzosopranoarekin batera, Gustav Mahlerren 3 zenbakiko Sinfonia joko dute, Victor Pablo Perezek zuzenduta.
Programa hori bukatutakoan, EGO Eta orain zer? proiektuan murgilduko da, Kukai Dantza taldeak bultzatuko duen egitasmoan. Ruben Gimeno EGOren zuzendari artistikoaren zuzendaritza artistikoa duen lanean, "musika, dantza eta mugimendua" uztartuko dituzte. Abuztuaren 27an estreinatuko dute Errenteriako Lekuona Fabrikan.

