Euskal Herriko film laburren proiekzioarekin hasiko da gaur Bilboko Zinebi jaialdia
ZINEBI Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak gaur emango dio hasiera 64. edizioari, Jaialdiko Sail Ofizialean lehiatzeko aukeratuak izan diren Euskal Herriko film laburren proiekzioarekin. Film labur horiek Ohorezko Mikeldiarekin sarituak izango diren Agnieszka Holland gidoilari eta zuzendari poloniarrari eta Iñigo Salaberria zinemagile eta bideo-artista gipuzkoar zendu berriari eskainitako omenaldiaren ondoren erakutsiko dira.
Honako film labur hauek ikusi ahal izango dira inaugurazio ekitaldiaren amaieran: Maddi Barberren Alas / Tierra dokumentala; Maria Inês Gonçalvesen The Bath (O banho) fikzioa; Txuspo Poyoren Gran Hotel Nazareno dokumentala; Ainhoa Olaso & Enara Garciaren Hemen bizi da maitasuna fikzioa; Josu Martinezen Hitzak fikzioa; Paula Iglesias eta Marta Gómezen Hondarrak dokumentala; eta Karla Crnčevićen Wild Flowers (Divlje Cvijeći) dokumentala.
Zazpi film horiek Golem Alhóndiga zinemetako bosgarren aretoan proiektatuko dira berriro ere azaroaren 17an, eta Bilboko Zinemaldiko Sari Nagusia (7.000 euro), Euskal Zinemaren Sari Nagusia (6.000 euro), Espainiako Zinemaren Sari Nagusia (6.000 euro), fikzio, animazio eta dokumental kategorietako Mikeldi sariak (5.000 euro bakoitza) eta Publikoaren Saria-EITB (3.000 euro) irabazteko aukera izango dute.
Inaugurazio Gala Maria Goiricelayak eta Ane Pikazak zuzenduko dute lehen aldiz, eta, besteak beste, Merina Gris euskal musika taldea izango da bertan.
57 filmeren parte-hartzea
Film Laburren Nazioarteko Lehiaketako Sail Ofizialean 57 pelikulek hartuko dute parte eta sariak nazioarteko epaimahaiak emango ditu. Epaimahai hori Anca Caramelea errumaniar zinema programatzaileak, Hilke Doering Oberhausengo (Alemania) Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko arduradunak, Juan Soto Taborda kolonbiar muntatzaile, errealizadore eta artxibozainak, Sabina Urraca idazleak eta Begoña Vicario Arte Ederretako doktore eta animazio zuzendariak osatuko dute aurten.


